Gizartea -
Diputatuen Kongresua
Espainiako Kongresuak haurtzaroa gehiago babesten duen legea onartu du
Hala, sexu-abusuei dagokienez, biktimak 35 urte betetzen dituenean hasiko da preskripziorako epea. Legeak babes zabala lortu du, Vox izan baita kontra bozkatu duen bakarra.
agentziak | eitb media
Espainiako Diputatuen Kongresuak behin betiko onartu du haurtzaroa babesteko legea, adingabeen aurkako sexu-abusuak gehiago jazarriko dituena, eta babes zabala lortu duena, bai politikoki, bai sektoreko erakundeen artean.
Kongresuko bozketan aldeko 297 boto jaso ditu legeak, eta 52 izan dira kontra agertu diren bakarrak, Voxekoak, hain zuzen ere.
Indarrean sartzen den unetik aurrera, adin txikikoen sexu-gehiegikeriak salatzeko denbora gehiago tarte handiagoa egongo da, preskripziorako epea biktimak 35 urte betetzen dituenean hasiko baita zenbatzen, eta ez 18rekin, orain arte bezala. Gainera, norbaitek haurren aurkako indarkeria edo gehiegikeria kasuren baten berri badu, salatzeko betebeharra izango du
70 milioi euroko aurrekontua izango duen legearekin, zabaldu egiten da indarkeriaren esanahia, Internetez egindako delituak ere jazarriko direlako, eta espezializatutako segurtasun indarrak, epaitegiak eta fiskalak aurreikusten dira, Informazio Erregistro Zentralarekin eta hezkuntza zentroetako ongizate eta babes koordinatzailearekin batera.
Aurrerantzean, kasuak auzitegietara iristen direnean, 14 urtetik beherako haurrek soilik behin deklaratu beharko dute ikerketan zehar, eta bisiten erregimena bertan behera geratuko da genero indarkeriagatik edo haurrak indarkeriaren biktima edo lekuko izan direnean.
Kongresuko eta Senatuko izapideetan Espainiako Gobernuak ekainean onartu zuen testua osatu dute, haurtzaroarekin lotutako erakundeek egindako proposamenekin, besteak beste.
Goi Ganberan arduradunik ez duten adin txikikoen adina zehazteko biluztea eta genitalak begiratzea galaraztea eta erkidegoen eskumenak errespetatzea sartu zuten legean.
Behe Ganberan, berriz, prozesu osoan haurrek entzunak izateko duten eskubidea indartu dute, eta kendu egin dituzte oinarri zientifikorik ez duten planteamenduak, tartean gurasoen alienazio sindromea deiturikoa. Horren arabera, amak seme-alaba aitaren aurka manipulatzen zuela uste zen.
Erakunde sozialek txalotu dute "lege aitzindaria" delako, urrats historikoa delako, eta Espainia erreferente bilakatzen duelako nazioarte mailan, Haurren Eskubideen Batzordeak 2010ean egindako aldarrikapenak aintzat hartzen dituen heinean, besteak beste.
Baina ohartarazi dute orain legea indarrean jartzea falta dela: epeak aurreikusten dira eta bete behar diren konpromisoak daude. Horixe adierazi dio behintzat Save the Childrenek Efe albiste-agentziari.
Adibide moduan haurtzaroan espezializatutako epaitegiak sortzea, estrategia bat onartzea eta Haurren Partehartzerako Estatuko Kontseilua eratzea aipatu ditu.