Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat espetxeratu dute, Urnietan emakume bati labanaz mehatxu egitea egotzita
Emakumearengandik urruntzeko agindua ere urratu du. Etxebizitzan sartu eta bikotekide ohiari eta haren adin txikiko semeari mehatxu egin die.
O. A. | EITB MEDIA
Ertzaintzak 28 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Urnietan, emakume bati labanarekin mehatxu egin izana egotzita. Halaber, emakumearengana ez gerturatzeko indarrean duen agindu judiziala urratzea ere leporatu diote.
Aipaturiko gertaerak asteazken goizaldean gertatu ziren, Urnietan. Telefono-dei bat jaso ondotik, Ertzaintza ustez erasoa jazo zen eraikinean bertaratu zen.
Hara joandako ertzainek gizon bat ataritik korrika irteten ikusi zuten, ihesi, antza.
Eremu komunak aztertu ondoren, agenteak etxera sartu ziren, eta bertan aurkitu zuten emakumea; markak eta urradurak zituen lepoan, eta oso urduri zegoen.
Etxebizitzan egindako miaketan, gizon bat aurkitu zuten ohe azpian ezkutatuta. Identifikatu ondoren, emakumearengandik urruntzeko agindua urratu zuela egiaztatu zuten.
Ertzaintzaren arabera, kautelazko neurria hautsiz etxebizitzara sartu zen ustez sukaldeko labana batekin emakumeari eta haren adin txikiko semeari mehatxu egiteko.
Hori guztia dela eta, Ertzaintzak gizona atxilotu egin zuen urruntze agindua urratzea eta genero-indarkeriaren ustezko delitu bat leporatuta.
Atxilotua epailearen aurrera eraman zutenean, Donostiako Guardiako Epaitegiak gizona Martuteneko kartzelan sartzeko agindua eman zuen.