Gizartea -

MIGRAZIO KRISIA

Migrazioa modu integralean ez jorratzea egotzi dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Beatriz Artolazabal sailburuaren esanetan, gizarte politikak aktibatuko dira orain migrazioaren auziari "partxeak" jarriz. Gainera, Lurralde arteko Migrazio Batzordearen bilera egitea eskatu du.

Migratzaileak Ceutan. Argazkia: EFE
Migratzaileak Ceutan
Migratzaileak Ceutan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ceutako migrazio krisiaren harira, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Espainiako Gobernuaren migrazio politika kritikatu du. Zehazki, gaia modu integralean ez jorratzea aurpegiratu dio. Orain gizarte politikak aktibatuko direla dio, migrazioaren auziari "partxeak" jarriz. Gaur arratsalderako deituta dagoen Lurralde arteko Gizarte Zerbitzuen Batzordearen atarian, Euskadik "lankidetzarako" borondatea erakutsiko duela iragarri du. Halaber, Lurralde arteko Migrazio Batzordearen bilera egitea eskatuko du. 

15:00etan deituta dago Lurralde arteko Gizarte Zerbitzuen Batzordearen bilera, Ceutan bakarrik dauden adin txikikoen aurrean eman beharreko erantzuna aztertzeko.

Astelehenetik 1.500 adin txikiko inguruk zeharkatu dute Maroko eta Ceuta arteko muga.

Sailburuak azaldu duenez, oraindik zehaztu gabeko adingabe kopuru bat hartzeko eskatuko die Gizarte Eskubideen Ministerioak autonomia erkidegoei.

Gaur arratsaldeko bileran Euskadik "elkarlanean aritzeko" borondatea azalduko duela aurreratu du sailburuak. Horrez gain, Migrazioen Konferentzia Sektoriala biltzea eskatuko du, legegintzaldi honetan "behin ere" elkartu ez delako eta "egiturazko arazo" bati aurre egiteko beharrezkoa dela iritzita.

Artolazabalen hitzetan, "Euskadi solidarioa da eta oraingoan ere hala izango da", baina ezinbestekoa da gainerako erakundeekin ere "koordinazioa" izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Migrazioa Europa Eusko Jaurlaritza albisteak Gizarte zerbitzuak albisteak Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Maroko