Gizartea -

Espainia-Maroko

Marokok muga itxi du, migratzaileak Ceutara sar ez daitezen

Tarajal muga pasabidean Espainiara igarotzeko zain zeuden pertsonak hegoaldera joaten hasi dira, pasabidea zarratu dutela ikusita.

Ehunka migratzaile Tarajal hondartzaren beste aldean. Argazkia: EFE
Ehunka migratzaile Tarajal hondartzaren beste aldean.
Marokoko poliziaren presentzia areagotu egin da eta giroa lasaiagoa da Ceutan

1:7

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marokoko Poliziak Tarajaleko muga pasabidea (Ceuta, Espainia) itxi du gaur, azken egunetan sartu diren migratzaileen ondotik joandakoak Espainiako hiri autonomora sar ez daitezen, EFEk mugan bertan egiaztatu ahal izan duenez. Marokoko Gobernuak, bien bitartean, isilik jarraitzen du.

Hondartzaren bestaldean zain zeunden ehunka migratzaileak hegoaldera joaten hasi dira, pasabidea zarratu dutela ikusita.

Gauean zehar eta goizean goiz, asko izan dira igerian heldutakoak, baina gehienak uretan geratu dira, hondartzan zain zituzten Espainiako Armako militarren beldur, EITB Mediak Ceutara bidalitako kazetariek kontatu dutenez.

Muga zeharkatu dutenen testigantzak jaso ditu EITB Mediak
Muga zeharkatu dutenen testigantzak jaso ditu EITB Mediak
Muga zeharkatu dutenen testigantzak jaso ditu EITB Mediak

4:29

Izan ere, lurrera heltzean kanporatu egiten dituzte militarrek, gehienetan adina zehazteko beharrezkoak diren egiaztapenak egin gabe. Espainiako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 4.800 pertsona kanporatu dituzte jada.

Bakarrik heltzen diren adin txikikoak (identifikatzen dituztenak behintzat) hiri autonomoko biltegi zahar batera eraman dituzte, araudiaren arabera ezin direlako kanporatu. Espainiako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, 1.500 bat izan daitezke.

EFEk goiz erdian egiaztatu ahal izan duenez, Ceuta eta Castillejos (Maroko) banatzeko dagoen kai-muturra hutsik dago (bertatik igaro dira azken egunotan migratzaileak). Izan ere, Marokoko poliziek ez dute inor hurbiltzea utzi azken orduetan.

Zure interesekoa izan daiteke: Mikel Reparazen analisia Ceutako krisiaz

Espainiako Gobernua: "Erasoa izan da"

Espainiako Gobernuaren ustez, Ceutan azken bi egunetan gertatutakoa Europako muga bati egindako "erasoa" izan da, ez migrazio krisi bat. "Ematen du egoera bere onera etortzen ari dela; Marokok bere jarrera arindu du", azaldu dute gobernuko iturriek.

Dena dela, Moncloak aitortu du Marokorekin zabaldutako krisi diplomatikoa konpondu barik dagoela, baina hori ere laster onbideratuko dela espero dute, Rabat "laguna" delakoan eta etorkizunean izango delakoan.

Iturrion arabera, "Marokok bere jarrera arindu du", eta polizia bere lana egiten ari da, igandetik asteartera ez bezala (orduko hartan mugak kontrolatzeari utzi zion eta).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Migrazioa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Maroko