Gizartea -
Espainia-Maroko
Espainiak "Maroko gutxiestearen prezioa" ezagutzen zuela esan du Marokoko Gobernuak
Marokoren tranpan ez jausteko eskatu dio Fronte Polisarioak Espainiako Gobernuari. Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak erantzun du ez zuela eraso gisa ulertu Brahim Ghali hartzea.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainia eta Maroko arteko krisi diplomatikoan beste atal bat zabaldu da. Mustafa Ramid Marokoko Giza Eskubideen ministroaren esanetan, Espainiak "Maroko gutxiestearen prezioa" ezagutzen zuen, Brahim Ghali Fronte Polisarioko idazkari nagusia Logroñoko Ospitalean artatu izanari erreferentzia eginez. Fronte Polisarioak ere hitz egin du azken orduetan, eta Marokoren tranpan ez erortzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Bestalde, Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak erantzun du Gobernuak ez zuela eraso gisa ulertu Brahim Ghali hartzea.
Mustafa Ramidek Facebookeko bere profilean zabaldutako mezuan dioenez, nortasun faltsu baten pean Espainiak Fronte Polisarioaren buruzagia hartu izana "ekintza arduragabea eta onartezina da".
Marokoko Gobernuak duela astebete ohartarazi zuen Brahim Ghali osasun arrazoiengatik Espainian hartzeak ondorioak izan zitzakeela.
Halaber, Espainiak Fronte Polisarioarekin eta Aljeriarekin harremanak "nahiago" izatea egotzi dio Mustafa Ramidek.
Fronte Polisarioak "Marokoren tranpan ez erortzeko" aholkatu dio Espainiari
Abdulah Arabi Fronte Polisarioak Espainiarako duen ordezkariak "Marokoren tranpan ez erortzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari, migrazio krisia nazioarteari "presio" egiteko tresna gisa erabiltzen duela argudiatuta.
EFE albiste agentziari egindako adierazpenetan Arabik azaldu duenez, Ceutako migrazio krisiak ez dauka zerikusirik Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia Logroñon ospitaleratuta egotearekin.
"Marokoren beste estrategia bat da eta besteak baldintzatzeko beti erabili izan duen presio politikaren baitan kokatzen da", esan du. Gaineratu duenez, "azarotik Maroko presioa egiten ari zen, eta bere jendea Kanarietara bidaltzen ari zen".
Arabiren ustez, Espainiak eta Europak hausnarketa egin beharko lukete Maroko bazkide izatea egokia ote den aztertzeko.
Brahim Ghalirekin duen konpromiso humanitarioa defendatu du Gonzalez Layak
Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerriko ministroak Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagiari osasun arreta eskaini izana defendatu du. Horren arabera, Espainiak ez zuen "eraso" gisa ulertu Polisarioko burua hartu izana.
Espainiako irrati kate publikoari eskainitako elkarrizketan, Espainiak "askotan eta bide ezberdinetatik" eman dizkio azalpenak Marokori, azaldu du.
Marokorentzat gaia "sentsibilitate handikoa" dela onartu ostean, Espainiako Gobernuak Brahim Ghalirekin duen konpromiso bakarra "laguntza humanitarioa" ematea dela berretsi du, "ez gehiago, ez gutxiago".
Ildo horretan Atzerri ministroak zehaztu duenez, "oso gaixo dagoen pertsona batenganako keinu humanitarioa" da, eta Gobernuak ez dio inoiz "eraso kutsurik" eman.