Gizartea -

ESPAINIA-MAROKO

Europako Batzordeak bitartekoak eskaini dizkio Espainiari Ceuta eta Melillarako

Gainera, Europako Batzordeko presidenteordeak ohartarazi du Europa ez dela kikilduko eta ez duela migrazio gaietan "xantaiarik" onartuko.

Europako Batzordeak bitartekoak eskaini dizkio Espainiari Ceutan eta Melillan. Foto: EITB Media
Europako Batzordeak bitartekoak eskaini dizkio Espainiari Ceutan eta Melillan
Europako Batzordeak bitartekoak eskaini dizkio Espainiari Ceutan eta Melillan. Foto: EITB Media

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordeak asteazken honetan ohartarazi duenez, Europa "ez da kikilduko" eta ez du migrazio gaietan "xantaiarik" onartuko. Gainera, Ceuta eta Melillako muga bermatzeko "bitartekoak eta baliabideak" eskaini dizkio Espainiari.

Espainiako irrati publikoan egindako elkarrizketa batean, Schinasek esan du Europar Batasuna "oso indartsua" dela Marokoko "taktiken" biktima izateko, "migrazioa instrumentalizatzea" egotzi dio, eta hori ez dela inondik inora onargarria gaineratu du.

Europako Batzordeko presidenteordeak atzo hitz egin zuen Arancha Gonzalez Laya Espainiako Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroarekin eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarekin, eta Europako Batzordeak "Espainiak behar duen guztia egingo du", esan zien.

"Ceuta eta Melillako muga kudeatzen laguntzeko behar duen guztia egingo dugu. Bitartekoak ditugu, besteak beste, Frontexeko kostazain europarrak, estatu kideen eskura daudenak. Ahal dugun moduan lagunduko dugu, Madrildik jasotzen ditugun eskaeren arabera", gaineratu du.

Ildo horretan, Schinasek azpimarratu duenez, "Ceuta Europa da, eta hor gertatzen dena ez da soilik Madrilen arazoa, guztion arazoa da". "Horregatik, honetan elkarrekin gaude", esan du, eta migrazioa Europar Batasunaren lanen "erdigunea" dela gogorarazi dio Marokori.

Hori dela eta, Europako Batzordeko presidenteordeak Europan migrazio politikaren inguruan akordio handi bat lortzeko deia egin du. "Migrazioari eta asiloari buruzko akordiorako proposamen bat dugu mahai gainean. Hori lortzeko garaia da", azpimarratu du.

Igandetik 8.000 pertsona baino gehiago sartu dira Ceutan Marokotik, horietako asko adingabeak. Atzo arratsaldean, Espainiak Ceutara iritsitako migratzaileen erdiak kanporatu zituen, 4.000 inguru. Gainera, 24 orduko kudeaketa sistema bat jarri du martxan, izapideak arintzeko eta polizia gehiago bidaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Pedro Sánchez argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak