Gizartea -

EUSKARA

Larunbatean Bilboko Justizia Auzitegi parean biltzeko deia egin du Kontseiluak

Euskara arloko azken epaien aurka protestatzeko, Bilboko Justizia Auzitegiaren parean bilduko dira 11:00etatik aurrera, 'Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez!' lelopean.

Pasa den astelehenean Konstseiluak egindako agerraldia. Argazkia: EITB Media
Pasa den astelehenean Konstseiluak egindako agerraldia.
Pasa den astelehenean Konstseiluak egindako agerraldia. Argazkia: EITB Media

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, auzitegiak azkenaldian euskararen arloan hartzen ari diren erabakien kontra protesta gisa. Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean, Bilboko Justizia Auzitegiaren parean, Albiako lorategietan 11:00etatik aurrera biltzeko deia egin diete herritarrei.

Hain zuzen ere, pasa den astelehenean presazko agerraldia egin zuen Kontseiluak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko astean Irungo Udaltzaingoaren hizkuntza-eskakizunari buruz kaleratutako epaiari buruzko irakurketa egiteko. 

Halako erabakien atzean "arrazoi politikoak" daudela eta epaitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu izana salatu zuten orduan, euskal gizarteak "euskaraz bizitzeko ahaleginak epaitegietatik zapuzten" ari direla.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak egunotan adierazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia 1982ko jurisprudentzian oinarritzen da, zeinetan ez zen jasotzen euskararen ezagutzaren derrigortasuna, eta galdetzen zuen ea "zergatik ez duten epaileek jurisprudentzia berriagoetara jo", euskararen erabileraren aldekoagoak direnetara. Esaterako 1991an Auzitegi Konstituzionalaren epai batera, "non esaten den guztiz bideragarria dela Administrazio Publikoko postu guztiek tokian tokiko hizkuntzaren ezagutza betebehar gisa jasotzea".

Kontseilua osatzen duten eragileen arabera, "horrelako epaiak hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira"; horregatik "batasunaren bidetik" erantzun beharra dagoela nabarmendu zuten.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute eta euskararen hizkuntza-politiketan eragitea du xede 1998an sortu zenez geroztik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak Kontseilua albisteak gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak