Gizartea -
Migrazio krisia
Ceutara iritsitako migratzaileen erdiak kanporatu ditu Espainiak
Gainera, 24 orduko kudeaketa sistema bat jarri du abian izapide horiek arintzeko, eta polizia gehiago eraman ditu.
agentziak | eitb media
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du gaur arratsalderako 4.000 migratzaile inguru kanporatu dituela, atzotik legez kanpo Ceutara iritsi diren 8.000ren erdiak gutxi gora-behera. Gainera, kudeaketa horiek arintzeko 24 orduko sistema bat jarri du martxan, eta polizia gehiago eraman ditu hara.
Fernando Grande-Marlaska ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere bertaratu dira hiri afrikarrean, eta lehenengoak iragarri du "indartu" egingo dituztela Estatuko Segurtasun Indarrak.
Hain zuzen ere, iragarrita zeuden 200 agenteez gain (150 polizia eta 50 guardia zibil), beste 50 eramango dituzte. Gainera, Lurreko Armadako militarrak ere jarri dituzte martxan.
Azkenik, kanporatzeak egiten ari diren Espainiako Poliziako Atzerri eta Zientifiko arloek "izapideak bizkortzeko eta 24 orduz lan egiteko sistema bat" jarri dute martxan.
Gatazka diplomatikoa
Marokoko Gobernuak Karima Benyaich Madrilen duen enbaxadorea kontsultetarako deitu du, Espainiako Atzerri Ministerioak egoitzara joateko eskatu eta berehala.
Marokoko iturri diplokatikoek ez dute argitu nahi izan zergatik gertatu den hori, baina tentsioak gora egin dute Madrilen eta Rabaten artean.
Pedro Sanchez Ceutara helikopteroz iritsi berritan iritsi da kontsultetarako deia.
Horren aurretik, Arancha Gonzalez-Laya Atzerri ministroak "errefusa" eta "ezinegona" agertu du migratzaileen sarreragatik, eta Benyaichi "ardura" gehiago eskatu dio mugen kudeaketan.