Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak ohiko kirurgiei heldu die berriro, pandemiagatik geldirik egon ostean
Apirilaren 26az geroztik, premiazko ebakuntzak, onkologikoak eta atzeraezinak baino ez ziren egiten. Harrezkero, Covid-19agatik okupatutako ZIU oheen ehunekoa % 53tik % 40ra jaitsi da.
O.P. | EITB MEDIA
Osakidetzak ohiko kirurgia programatuaren erritmoa berreskuratu du, pasa den apirilaren 26an, covid-19aren intzidentziak asistentzia-eremuan izandako eraginaren ondorioz eten ostean. Pasa den astean, poliki-poliki ekin zieten berriro premia bizikoak ez diren ebakuntza horiei, eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, dagoeneko Osakidetza sare osoan heldu diote berriro egutegiari.
Gogorarazi behar da, gaur arte, premiazko ebakuntzak, onkologikoak eta atzeraezinak soilik egiten ari zirela. Hala erabaki zen, apirilean kritikoen unitateek izan zuten okupazio altuaren ondorioz. Apirilaren 26an, ebakuntza arruntak bertan behera utzi zituztenean, 192 ziren ZIUko oheetan covid-19aren eraginez ingresatuta zeuden gaixoak, eta, gaur egun, 146 dira paziente kritikoak. Okupazioa % 53tik % 39,9ra jaisteari esker, ospitaleek pixkanaka beren jarduera berreskuratu ahal izan dute.
Une hauetan, Osakidetzak ZIUen Kontingentzia Planaren 3. egoeran jarraitzen du –5 egoera jasotzen ditu planak–. Egoerak kezkagarria izaten jarraitzen badu ere, gaur egun Osakidetzako ospitale-sareak kritikoen 368 ohe ditu zabalik, eta, horietatik, % 39,6 covid-aren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 146 ohe, guztira.