Gizartea -

LGTBI BORROKA

Gizarte inklusiboagoa eta askotarikoa aldarrikatu du Berdinduk

Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazio-zerbitzuak salatu duenez, "sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak" egiten dira oraindik.

Harrotasun Eguneko manifestariak Bilboko Moyua plazan. Argazkia: EFE
Harrotasun Eguneko manifestariak Bilboko Moyua plazan.
Harrotasun Eguneko manifestariak Bilboko Moyua plazan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berdindu Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko gaietarako informazio-zerbitzuak "sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasorik gabeko" Euskal Autonomia Erkidego inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatu du LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean.

1990eko maiatzaren 17tik, MOEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuenetik, egun hori ospatzen da, eta balio esanguratsua du kolektiboko pertsonentzat, gaur egun LGTBI kolektiboak oraindik ere jasaten duen diskriminazioaren aurkako eta bere eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzaile gisa.

Berdinduk salatu du covid-19aren ondorioz bizi dugun egoera eragin handia izaten ari dela kolektiboan, eta "sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoak eragindako erasoak" salatzen jarraituko dutela adierazi du. Human Rights Watchen arabera, pandemiak desberdintasun arrakalak eragin ditu, eta kolektibo batzuk besteak baino ahulagoak dira. LGTBI kolektiboaren aurkako aurreiritziak nabarmenak izan dira covid-19ari emandako erantzunetan munduko eskualde askotan.

Bertatik azaldu dutenez, erasoak "ez dira bakarrik gure inguruan gertatzen"; izan ere, lesbiana, gay eta bisexualen lege-babesean aurrerapen handiak egin diren arren, NBEko 69 estatu kidek sexu bereko helduen artean sexu-harreman adostuak zigortzen jarraitzen dute, Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkarteak (ILGA) adierazi duen bezala.

Haien hitzetan, "maiatzaren 17an eta urteko egun guztietan LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko du, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz. Gaur egun, oraindik ere beharrezkoa da gure gizartean indarrean jarraitzen duten diskriminazioen aurkako borroka sendotzea. Gizarte osoaren erantzukizuna da, diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko".

Euskal Autonomia Erkidego inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatu dute. "Berdindun, indarrak batuko ditugu gizarte- eta erakunde-eragile guztiekin, gizarte justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu-orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI