Gizartea -
KORONABIRUSA
Sagardui: "Datorren hiru asteak erabakigarriak izango dira pandemiaren garapenean"
Urkullu lehendakaria, Osasun sailburua eta Osakidetzako zuzendari nagusia Gasteizko txertaketa-guneetako batean izan dira gaur goizean.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakaria, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, Lakuako pilotalekuan izan dira gaur goizean, Osakidetzak Gasteizen duen txertaketa-guneetako batean.
Lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie euskal Osasun Zerbitzuko milaka langileei, pandemiak 14 hilabete eta txertaketak 140 egun egin dituen honetan, egiten ari diren lan gogorragatik. Txertaketari dagokionez, EAEko biztanleen %18 dago jada erabat immunizatuta eta % 43k gutxienez dosi bat jaso du, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera.
Instalazioak bisitatu ondoren, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu du datozen hiru asteak "erabakigarriak" izango direla pandemiaren bilakaerarako, eta bi helburu bateratu behar direla azaldu du: "intzidentzia-tasa ahalik eta gehien murriztea eta txertaketa ahalik eta gehien handitzea".
Urkullu, Sagardui eta Perez gaur, Gasteizen. Argazkia: Irekia
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, sailburuak azaldu du adierazleek beheranzko joera erakusten jarraitzen dutela. Hala, 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 316,59 kasutan kokatzen da, eta, datu positibo gisa, Arabako Unibertsitate Ospitalean ez zela atzo covid gaixorik ospitaleratu jakinarazi du.
Kasu berriei dagokinez, larunbat honetan martxoaren 21etik izan den kopururik txikiena atzeman zen.
Gauzak horrela, "hilabetetan egindako esfortzua baloirik gabe gera ez dadin, prebentzio neurriak mantentzeko beharra" azpimarratu du Sagarduik.
Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak ere mezu bera eman du gaur Euskadi Irratian.
69 covid-19 kasu berri zenbatu dira Nafarroan, beheranzko joerari eutsiz
Oso poliki bada ere, covid-19aren kutsatze kopurua beheraka doa Nafarroan ere. Atzo, larunbata, 69 koronabirus kasu berri zenbatu ziren, bezperan baino 6 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailak zabaldutako behin behineko datuen arabera. Duela astebeteko (maiatzak 8) datuekin alderatuta, berriz, 32 kutsatze gutxiago erregistratu dira.
1.284 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 5,4koa izan zen.