Gizartea -
KORONABIRUSA
151 pertsona identifikatu dituzte legez kanpoko festa batean, Iruñean
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, covid-19agatik ezarritako osasun neurriak urratu zituzten.
EITB MEDIA
Legez kanpoko makrofesta batean parte hartzen ari ziren 151 pertsona identifikatu zituzen, atzo, Iruñeko Etxabakoitz auzoan.
Nafarroako hiriburuko Udaltzaingoak ohar bidez jakitera eman duenez, inguruko bizilagunek eman zuten abisua, eta poliziak bertaratu zirenean, covid-19agatik ezarritako osasun neurriak urratzen ari zen jende multzo handi bat ikusi zuten. Ondorioz, dispositibo berezi bat ezarri zuten, bertan zeudenak identifikatzeko eta festa bertan behera utzi arazteko.
Iruñeko bost tabernen kontrako salaketak ere jarri zituzten, hainbat neurri urratzeagatik.
Oso poliki bada ere, covid-19aren kutsatze kopurua beheraka doa Nafarroan; atzo, larunbata, 69 koronabirus kasu berri zenbatu ziren, bezperan baino 6 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailak zabaldutako behin behineko datuen arabera. Duela astebeteko (maiatzak 8) datuekin alderatuta, berriz, 32 kutsatze gutxiago erregistratu dira.