Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEko ospitaleetako gela arruntetan duela astebete baino 100 gaixo gutxiago daude

Egoera kritikoan dauden pertsonei dagokienez, 173 izatetik 148 izatera igaro da zazpi egunetan. 64 positibo gutxiago atzeman dituzte azken egunean, eta intzidentziak behera egiten jarraitzen du.

Erizain bat covid-19aren aurkako txertoa ematen. Argazkia: EFE.
Erizain bat covid-19aren aurkako txertoa ematen
Erizain bat covid-19aren aurkako txertoa ematen. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik 393 kasu berri atzeman ditu ostegunean, aurreko egunean baino 64 gutxiago, eta intzidentzia-tasa metatuaren beheranzko bilakaerari eusten dio; izan ere, 100.000 biztanleko 346,86 kasu izan dira. Ospitaleko presioak ere behera egin du: 295 ospitaleratu daude gela arruntetan, eta 148 larri.

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du kutsatzeen beherakada progresiboa eta covid-19aren aurkako txertaketa-kanpainan aurrera egitea "itxaropenerako eta konfiantzarako" arrazoiak direla, baina ohartarazi duenez, pandemiaren aurkako borroka "ez da amaitu, ezta gutxiagorik ere"; hori dela eta, prebentzio-neurriak mantentzearen alde egin du, eta "hurrengo helburua" intzidentzia-tasa metatua murriztea izango dela aipatu du.

Osasun Sailak ostiral honetan jakitera eman dituen datuen arabera, 8.473 test diagnostiko egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan ostegunean: 254 positibo detektatu dituzte Bizkaian, 111 Gipuzkoan, 32 Araban eta bost EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean. Beraz, positibotasun tasa % 4,6koa da, aurreko egunean baino hamarren bat txikiagoa; izan ere, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta atzo 346,86koa izan zen, asteazkenean baino ia 19 gutxiago. Baliorik baxuena da apirilaren 5etik.

Azken orduotan, adierazle horrek 33 kasu egin ditu behera Gipuzkoan, 382,2raino; beraz, lurralde hori 400 kasuetatik jaitsi da, eta hilabete baten ostean Arabarekin (197,4ko tasa) eta Bizkaiarekin (361,6) bat egin du eremu gorritik kanpo. Gainera, Arabak ez zuen abuztutik 200tik behera egiten.

R0 zenbakiak ere joera onarekin jarraitzen du, 0,8an baitago. Adierazle hori 6 ehunen jaitsi da Araban, 0,65era, eta 3 Gipuzkoan, 0,77ra; Bizkaian, berriz, ehunen bat jaitsi da, eta 0,85ean dago.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) ere jaitsi egin da ostegun honetan, eta 0,75ekoa da Euskadi osoan (0,76koa zen aurreko egunean).

Azken jardunaldietako hobekuntzarekin bat etorriz, ospitaleetako presioa ere arindu egin da. 40 gaixo ospitaleratu dituzte azken egunean, asteartean baino 19 gutxiago; beraz, ospitaleratutako gaixoak 295 dira, aurreko egunean baino 41 gutxiago. Gainera, 148 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bost gutxiago.

91 ikasgela (guztien % 0,52) itxi dituzte ostiral honetan covid-19aren kasuengatik, eta 58 ikastetxe itxi dituzte, sei gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak