Gizartea -

Zaldibarko zabortegia

Zaldibarko Udalak Joaquin Beltran bilatzen jarraitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

"Gutxieneko aukera bat baldin badago", erabakia berriz aztertzeko eta "aukera guztiak agortu arte" bilatzen jarraitzeko eskatu dio.

Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Irekia.
Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian
Bilaketa lanak Zaldibarko zabortegian. Argazkia: Irekia.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibarko Udalak (Bizkaia) Joaquin Beltran bilatzen jarraitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "gutxieneko aukera bat baldin badago", Eusko Jaurlaritzak iragarri baitu 2020ko otsailean eraitsitako zabortegian hondakinak bilatzeko lanak bertan behera geratuko direla.

Zaldibarko Udalak elkartasuna agertu dio familiari, eta, azpimarratu duenez, "Udalaren lehentasuna beti izan da erorketaren ostean desagertutako pertsonak aurkitzea".

Zentzu horretan, Alberto Sololuzeren gorpuzkiak abuztuan aurkitu ostean, "hurrengo helburu nagusia Joaquin Beltran aurkitzea zen, eta udal honentzat, urte osoan zehar errepikatu dugun bezala, lehentasuna izaten jarraitzen du", gaineratu du.

Hori dela eta, "gutxieneko aukera bat baldin badago", erabakia berriz aztertzeko eta Joaquin Beltranen bila jarraitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "aukera guztiak agortu arte".

Zaldibarko Udalak "adiskidetasunik eta elkartasunik zintzoena" erakutsi dio Joaquin Beltranen familiari, "bere desagerpenak senide eta gertukoen artean bete ezinezko hutsunearen jakitun".

Halaber, "esker ona" adierazi die "Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko borrokatu diren langileei".

Zaldibarko alkateordea hunkituta mintzatu da Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko lanak bertan behera geratu ondoren.

Zallako Udalak ere "maitasun eta babes osoa" helarazi dio Beltrani

Zallako Udalbatzak bere "maitasun eta babes osoa" helarazi nahi izan die Joaquin Betranen familiari eta lagunei. "Zuen esanetara jartzen gara behar duzuenerako", erantsi dute.

Udalak ohar batean nabarmendu duenez, "gaur egun tristea da Zallako herri osoarentzat. 15 hilabete luze hauetan ez dugu galdu Joaquinen gorpua topatuko zutenaren gaineko itxaropena, familiak eta lagunek atseden har zezaten eta azken agurra eman ziezaioten".

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: "Ziur nago arakatutako zabor artean Joaquin ez dela joan"
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Zaldibar Ingurumena Luiziak gaur Durangaldea gaur