Gizartea -
koronabirusa
Gipuzkoako hondartza denboraldia ekainaren 15ean abiatuko da, neurri bereziekin
Ingurumen Sailak edukieraren kontrolerako sistema hobetuko du, eta 'Nik Hondartzak' aplikazioa eskainiko du berriro, hondartza bakoitzaren okupazio-maila ezagutzeko.
eitb media
Gipuzkoako hondartza denboraldiak ekainaren 15etik irailaren 15era iraungo du eta, aurten ere, covid-19ari aurre egiteko neurriak izango dira. Besteak beste, edukiera kontrolatzeko sistemak hobetuko dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hobekuntzak egingo ditu hondartzen edukiera kontrolatzeko bideo sisteman, herritarrek espazio horien erabilera segurua egiteko.
Gainera, iaz martxan jarritako 'Nik Hondartzak' app-a (Android eta iOS sistemetarako eskuragai) 15 minutuan behin eguneratuko dute, denbora ia errealean hondartza bakoitzeko okupazio-maila ezagutzeko, mapa interaktibo baten bidez.
Bestalde, Ingurumen Departamentuak pedalak ipiniko ditu zakarrontzi guztietan, gainazala ukitzeko arriskua ekiditeko. Halaber, hondartzen kudeaketa jasangarriaren politikarekin bat, bosgarren zakarrontzi bat ipiniko dute, beirarako.
Ingurumen Departamentuak kanpaina abiatuko du, herritarrek hondartzak arduraz erabil ditzaten.