Gizartea -

Euskadiko energia politika

Energia berriztagarriek ingurumen-neurriak bete beharko dituzte Euskadin

Eusko Legebiltzarrak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "ahalik eta adostasun politiko eta sozial handienarekin" egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Energia eolikoko errota batzuen artxiboko argazkia. Argazkia: EFE.
Energia eolikoko errotak
Energia eolikoko errota batzuen artxiboko argazkia. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan eskatu du Euskadin garatuko diren energia berriztagarrien proiektu guztiek "indarrean dagoen lege-esparruan jasotako ingurumen-neurriak errespetatzea eta horien mende jartzea". Halaber, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "ahalik eta adostasun politiko eta sozial handienarekin" egitea eskatu dute.

Elkarrekin Podemos-IUk mozio bat eraman du ganberara, Euskadiren energia-politika berriari buruz eta klima-aldaketaren eta naturaguneen babesaren eta biodibertsitatearen aurkako borrokari buruz.

Bertan, Euskadiko zentral eolikoak eta fotovoltaikoak izapidetzeko eta baimentzeko aldi baterako luzapena ezartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, gaur onartuko den Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legera "behar bezala" egokitu ahal izateko eta etorkizunean Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartzeko.

Hala ere, aurrera atera den testua Eusko Jaurlaritzako taldeek (EAJ eta PSE-EE) aurkeztutakoa izan da; EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek errefusatu egin dute, eta PP+Cs koalizioa abstenitu egin da; Vox alderdiko legebiltzarkideak, berriz, ez du botorik eman, ezta eztabaidan parte hartu ere.

Halaber, Eusko Legebiltzarrak "bere helburuak Europako Itun Berdearekin lerrokatzea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Basque Green Deal-en bidez garapen-eredu "justu eta iraunkor" batean aurrera egiteko.

Bestalde, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "ahalik eta adostasun politiko eta sozial handienarekin" egin dadila eskatu du Legebiltzarrak, eta Euskadin garatzen diren energia berriztagarrien proiektu guztiek "indarrean dagoen lege-esparruan jasotako ingurumen-neurriak errespetatu eta horien mende jar daitezela", bai eta Klimari buruzko Europako Legera eta Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Espainiako Legera egokitzeko prozesu bat abiaraztea ere, Espainiako Gobernuaren beharrezko onarpenaren ondoren.

Era berean, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurkako borrokara bideratutako Europako, Estatuko edo EAEko funtsak energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko proiektuetara bidera daitezela, Euskadiko Energia Estrategiaren irizpideei jarraituz.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio, hidrogenoarekin zerikusia duten proiektuetarako, Europako, Estatuko edo Euskal Autonomia Erkidegoko funtsek balio dezatela CO2 emisiorik gabeko energia berriztagarrietatik datorren hidrogeno berdea lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Eguzki energia Energia ekoizpena gaur