Gizartea -
Txertaketa
Espainiak Pfizerren 13 milioi dosi jasoko ditu ekainean
Espainiako gobernuburuak berretsi egin du abuztuaren amaieran lortuko duela talde immunitatea Espainiak.
N. B. | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Espainiak Pfizer txertoaren 13 milioi dosi jasoko ditu ekainean; horrela, astean 1,7 milioi dosi ematetik 2,7 milioi dosi ematera igaroko da.
"Ekainean zehar, gure herrialdeak jauzi kualitatibo handia egingo du. 13 milioi txerto horiekin talde immunitatea lortzeko bidean egongo gara, hau da, 33 milioi herrikide abuztuaren erdialdean txertatuta egoteko bidean", azpimarratu du ostegun honetan.
Sanchez pozik agertu da Espainiako Gobernua txertaketa estrategiaren "helburuak zorrotz betetzen" ari delako. "Iragarri nuen maiatzaren 3ko astean 5 milioi herrikide izango genituela pauta osoarekin txertatuta, eta horrela izan da. Eta ekaineko lehen astean 10 milioi izango dira. Espainiarrok gauzak egiten ditugun bezala egingo dugu, umiltasunez, baita ausardiaz eta profesionaltasunez ere", azpimarratu du.
Txerto gehiago bidaliko dituztela-eta dosiak emateko erritmoa handituko dela ikusita, Espainiako gobernuburuak berretsi du abuztuaren amaieran beteko duela talde immunitatera iristeko promesa. "97 egun falta dira talde immunitatea behin betiko lortzeko eta pandemia gainditzeko", adierazi du.