Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadik pandemiaren adierazleak hobetu eta 457 positibo atzeman ditu
Intzidentzia metatua 19 kasu jaitsi da, larri dauden pertsonek ere behera egin dute 153raino eta positibotasuna % 4,7ra jaitsi da. Gainera, R0k bi ehunen behera egin du eta 0,82an dago.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Euskadik 457 kasu berri atzeman ditu asteazkenean, aurreko egunean baino 22 gutxiago, eta intzidentzia-tasa metatuaren beheranzko bilakaerari eusten dio; izan ere, 100.000 biztanleko 365,73 kasu izan dira. Ospitaleko presioak ere behera egin du: 336 ospitaleratu daude gela arruntetan, eta 153 larri.
Osasun Sailak ostegun honetan jakitera eman dituen datuen arabera, 9.682 test diagnostiko egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan asteazkenean: 276 positibo detektatu dituzte Bizkaian, 152 Gipuzkoan, 27 Araban eta bi EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean. Beraz, positibotasun tasa % 4,7koa da, aurreko egunean baino bi hamarren txikiagoa.
100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuak bi aste baino gehiago daramatza beheranzko joerarekin, eta atzo 365,7koa izan zen, apirilaren 7tik izan den kopururik txikiena, asteazkenean 19 puntu jaitsi ondoren.
Gipuzkoa da 400 kasuren tasa gainditzen duen lurralde bakarra (415,29); Araban, 13 kasu gutxiago daude, eta 212,9koa da orain; Bizkaian, berriz, beherakada motelagoa izaten ari da azken egunetan, eta 372,4raino jaitsi da intzidentzia (11 kasu gutxiago).
Hiriburuek beren erreferentziazko lurraldeen eredu bera dute. Gasteizek ditu daturik onenak, eta gune gorritik kanpo dagoen bakarra da, 210 kasurekin (bezperan baino ia 13 gutxiago). Bilbon 454,2 (-6) eta Donostian 441,3 (-24) dira adierazle horiek.
R0 zenbakiak ere joera ona du; izan ere, 15 egun daramatza 1etik behera, eta azken orduetan bi ehunen jaitsi da, asteartekoarekin alderatuta, 0,82an baitago.
Adierazle hori 6 ehunen jaitsi da Araban, 0,71ra, eta 2 Gipuzkoan, 0,80ra; Bizkaian, berriz, ez da aldatu, 0,86an baitago.
Azken jardunaldietako hobekuntzarekin bat etorriz, ospitaleetako presioa ere arindu egin da. 59 gaixo ospitaleratu dituzte azken egunean, asteartean baino hamar gutxiago; beraz, ospitaleratutako gaixoak 336 dira, aurreko egunean baino 13 gutxiago. Gainera, 153 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, sei gutxiago.
Azken orduetan hobetu ez den adierazle bakarra kasuen trazabilitatea da, sei ehunen igo baita, % 54raino.
79 ikasgela itxi dituzte ostegun honetan covid-19aren kasuengatik, atzoko berberak, eta 52 ikastetxe itxi dituzte, hau da, 1 gehiago. Horrela, % 0,45ekoa da itxitako gelen ehunekoa.