Gizartea -
EUSKARA
Irungo Udaltzaingorako deialdi publikoko hizkuntza eskakizuna atzera bota du epaileak
Behatokiak eta Kontseiluak gogor jo dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra, herritarren hizkuntza eskubideak erasotzen dituelako. Erabakia "politikoa" dela gaitzetsi dute.
O.P. | EITB MEDIA
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Irungo Udaltzaingoaren deialdi publikoko hizkuntza eskakizuna, euskara ezinbestean jakin beharra izatea baldintza “diskriminatzailea” dela ebatzi ondotik. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Kontseiluak salatu dute erabakia “politikoa” dela, juridikoa baino gehiago.
Epaiaren arabera, ez litzateke beharrezko udaltzain den-denek euskara jakin beharra izatea herritarrek administrazioarekiko harremana euskaraz izateko aukera bermatzeko. Aldiz, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazi duenez, epaiak zuzenean erasotzen ditu Irungo herritarren hizkuntza-eskubideak: “Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak”.
Gaineratu duenez “Udaltzaingoak oinarrizko eta herritarren gertuko zerbitzua ematen duela kontuan harturik, lanpostu horiei hizkuntza-eskakizuna kentzeak erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzaingoarekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea”.
Horren lekuko dira, Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, “Behatokian jasotako herritarren bizipenak, non udaltzainekiko harremanetan euskararen ezagutza nahikoa ez izateak albo-kalteak edo babesgabetasuna eragiten dizkien, herritarren segurtasuna bera ere kaltetuz eta baldintzatuz.”
Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak epaiaren balorazioa egin du ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan. Azaldu duenez, sententzia aztertzen ari dira oraindik, baina "larriak" iruditzen zaizkie epaiak aipatzen dituen hainbat puntu. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak dioenez, administrazioarena da betebeharra eta ez agente bakoitzarena: "Guk ulertzen dugu agente horietako bakoitzak ere izan beharko lukeela zerbitzua euskaraz emateko betebeharra". Behatokiko zuzendariak uste du ordea, hizkuntz eskakizunak ezartzen ez badira ez dagoela bermatuta herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubidea. Egoera honen aurrean herri gisa erantzun behar dela uste du.
Bestalde, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren iritziz, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia “eskuhartze bortitza” da: “Beste behin ere, gogorarazi nahi dute hizkuntza-politikaren eremuan zeinek duen azken hitza eta, ondorioz, neurri eragingarriak hartzen direnean, azken erabakia zeinek duen gogora ekarri nahi izan dute. Horrexegatik, epaia juridikoa baino, politikoa dela berretsi nahi dugu”.
Bilbaoren arabera, epaiak intentzionalitate politiko zehatza du: “Euskararen normalizazioa galgatzeaz gain, euskara bigarren mailako hizkuntza, eta ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzeko asmoa erakusten du. Elebakarren pribilegioak balizko eskubide bihurtu nahi ditu, horrek guztiak herritarren eskubideak betikotuko baditu ere”.
Epai honek etorkizuneko beste lan deialdietan izan dezaketen eraginaz kezkatuta, “epaia sakon aztertu” behar dela azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusiak, hizkuntz eskubideengan “ondorio arriskutsuak” izan baititzake “herritarrekin harreman zuzena duten udaltzainei euskara ezagutzeko eskakizuna kentzeak”.