Gizartea -

KORONABIRUSA

Txertoen konbinazioak albo ondorioak ugaritzen ditu, Oxforden ikerketa baten arabera

"The Lancet" zientzia aldizkarian argitaratutako ikerketak dio albo ondorio gehienak arinak direla. 50 urtetik gorakoekin egin dute ikerketa, Pfizer-BioNTech eta AstraZeneca uztartuta.

AstraZeneca txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
AstraZeneca txertoa
AstraZeneca txertoa. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren aurkako bi txerto ezberdin uztartzeak albo ondorio arinak eta moderatuak areagotzen ditu, etxe bereko bi dosi hartuta baino gehiago, The Lancet zientzia aldizkariak argitaratu berri duen Oxford Unibertsitateko ikerketa baten arabera.

Oxford Unibertsitateak ikerketa bat abiatu zuen urte hasieran, bi txerto ezberdin konbinatzeak dituen ondorioak ezagutzeko. Ondorioztatu dutenez, albo ondorioak ugaritu egiten dira. Dena den, ikerketaren arabera, gehienak ondorio arinak dira (sukarra edo ziztada jasotako besoan, mina) eta denbora gutxi irauten dute. Adituen esanetan, bi txerto ezberdin hartuta gehiegizko erantzun immunologikoa sortzen da.

Ikerketa egiteko, Pfizer-BioNTech edo AstraZeneca jarri diete boluntario batzuei, eta lehenengo AstraZeneca eta gero Pfizer-BioNTech beste batzuei. Dosien artean lau asteko tartea utzita, txertoen konbinazioak albo ondorio gehiago eragin zituen etxe bereko bi dosi emanda baino.

Edozein kasutan, ondorioak arinak izan ziren. Ikerketaren egileek azaldu dutenez, ez zen segurtasunari lotutako bestelako arazorik izan.

50 urtetik gorakoekin egin dute ikerketa. Hori dela eta, ikertzaileen esanetan, litekeena da gazteagoen artean pertsona gehiagok izatea albo ondorioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Osasun albisteak gaur Txertoak albisteak Koronabirusa Industria farmazeutikoa