Gizartea -

inkesta

Larrialdi klimatikoa "arazo larria" da euskal gizartearentzat

Herritarrak energia berriztagarrien alde daude, eta galdetutakoen % 75ek esan dute prest egongo liratekeela inguru hurbilean horrelako instalazio bat edukitzeko.

Krisi klimatikoaren aurkako protesta, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Krisi klimatikoaren aurkako protesta, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Krisi klimatikoaren aurkako protesta, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren aurrean euskal gizartearen pertzepzioa eta jarrera neurtu dituen ikerketaren arabera, larrialdi klimatikoa "arazo larria" da EAEko herritarrentzat, 10etik 8,1eko puntuazioarekin.

Gainera, % 73k uste dute ondorioak nabariak direla, eta % 75 prest egongo lirateke inguru hurbilean energia berriztagarria ekoizteko instalazio bat edukitzeko, bestelako energien "aldekoago" azalduz.

Ikerketa Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak aurkeztu dute 'Basque Green Deal' (Euskal Itun Berdea) aurkezteko egindako bileran. Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Prospekzio Soziologikoen Kabineteak garatu du, eta EAEko herritarrek krisi klimatikoari eta trantsizio energetikoari buruz dituzten pertzepzio eta jarrerak izan ditu ardatz.

Emaitzen arabera, euskal gizartea "gero eta gehiago jabetzen da" larrialdi klimatikoaren eta energiaren ekoizpen eta kontsumoaren arteko loturaz. 2017an, % 39k "oso lotuta" zeudela esan zuten eta, egun, % 51k eusten diote horri. Gainera, 18 eta 29 urte bitarteko taldean, "are argiago ikusten dute" lotura hori, eta % 70ek dute iritzi hori.

Halaber, EAEko herritarren % 73k uste dute ondorioak nabaritzen hasiak direla, % 10k datozen 10 urteetan nabarituko direla esan dute, eta, % 8k, datozen 25 urteetatik harago. Herritarrek Euskadin gertagarrien ikusten dituzten ondorioen artean, bero boladek irabazi dute; % 45ek oso gertagarritzat jo dituzte, eta % 46k, nahiko gertagarritzat.

Oso gertagarri ikusten dira itsas mailak gora egitea, gaixotasun infekziosoak eta pandemiak areagotzea, zenbait espezie galtzea, uholdeen maiztasuna handitzea eta lur-jausiak ugaritzea.

Aitzitik, gutxiengo batek bakarrik uste du krisi klimatikoak elikagai- eta ur-eskasia ekar lezakeela Euskadira.

EAEko herritarrak ez datoz bat krisi klimatikoaren aurkako borrokari eman beharko litzaiokeen garrantziaren inguruan: % 48ren aburuz, lehentasunezkoa izan behar du, baina "bestelako lehentasunak ditugu orain", % 49ren ustez. Ikerketaren arabera, iritzi horrek "zerikusi handia du egungo pandemia egoerarekin". Herritarren % 2k bakarrik uste dute krisi klimatikoaren aurkako borroka ez dela gai garrantzitsua Euskadirentzat.

Krisi klimatikoaren aurka borroka lezaketen eragileez galdetuta, Eusko Jaurlaritza aipatzen dute arduradun nagusi gisa (% 29); ondoren, herritarrak aipatzen dituzte (% 13), eta, bukatzeko, enpresak (% 11). Inkestari erantzun diotenen % 39k uste dute "guztion ardura" dela, erantzun hori iradoki ez bazuten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa EAE albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Larrialdi klimatikoa 2024