Gizartea -
Donostia
Eraso egin diote ustez sexu-gehiegikeriak egin zituen masajistaren zentroari
Masaje-emailearen gertuko batek "ondorioak egongo dira" zioen mezu bat jaso du Whatsappen, ikertuaren irudiarekin batera.
agentziak | eitb media
Donostian 13, 14 eta 15 urteko hiru neska adingaberi ustez sexu-gehiegikeriak egiteagatik ikertzen ari diren masajistak lan egiten duen zentroari eraso egin diote. Erakusleihoa apurtu eta pintaketak egin dituzte "abusatzailea" mezuarekin.
Masaje-emailearen familiak Ertzaintzari helarazi dion salaketaren arabera, gainera, zentroaren aurkako erasoaz gain, gertuko batek "ondorioak egongo dira" zioen mezu bat jaso du Whatsappen, ikertuaren irudi batekin batera.
Gizona larunbatean atxilotu zuten biktimetako batek salaketa bat jarri ostean, eta gero beste bien salaketak etorri ziren.
Libre, karguekin
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, adingabeak "masaje saioak jasotzera joan zirenean" egin zizkien masajistak ustezko gehiegikeriak.
Atxilotua izan ostean, Guardiako epailearen esku utzi zuten, eta horrek libre utzi zuen, karguekin eta baldintzapean. Besteak beste, ezingo die masajerik eman adingabeei, eta ezingo du biktimekin harremanetan jarri eta haiengana 500 metro baino gutxiagora gerturatu.
Badaezpadako neurriak hartzeko autoan agertzen duenez, epaileak uste du hiru sexu-gehiegikeria delitu egon daitezkeela, eta horietako bakoitzagatik 8 eta 12 urte arteko kartzela-zigorra jaso dezakeela.
Akusatuak ez omen du ukatu "adingabeei masajeak eman izana", baina adierazi du ez zuela "sexu interesa asetzeko egin".
Defentsako iturrietatik azaldu dutenez, adingabeak beste pertsona batekin zeuden uneoro masajea jaso zutenean, eta eskuoihalaren gainetik ukitu zituen, kontaktu zuzenik gabe.
Ametako baten aurkako kereila
Bestalde, defentsak iragarri du masajistaren alabaordeak eta bikotekideak kereila aurkeztuko dutela biktimetako baten amaren aurka ohorearen aurkako delitua leporatuta. Izan ere, ama horrek ETBn egindako elkarrizketa batean esan zuen bai alabaordeak bai bikotekideak bazutela sexu-gehiegikerien berri.
Etxe honetan egindako adierazpenetan, emakumeak esan zuen masajistarentzat masajeak "normalak eta naturalak" zirela, bere "alabaordeari" ere egiten zizkiolako, eta baietz erantzuten du masajistaren bikotekideak gertakarien berri ba ote zuen galdetzen diotenean.
Ertzaintza ikertzen ari da gertatutakoa argitzeko eta biktima gehiago ba ote dagoen jakiteko.