Gizartea -

AP-8 eta AP-1

Gipuzkoako autobideak mugaz gaindiko proba-laborategi bihurtuko dira

Gipuzkoako Foru Aldundia uda hasieran hasiko da autobideak 25 balizaz eta sentsorez hornitzen, eta Gipuzkoa Living Lab martxan egongo da 2022an.

Markel Olano eta Aintzane Oiarbide prentsaurrekoan asteazken honetan. Argazkia: gipuzkoa.eus.
Markel Olano eta Aintzane Oiarbide prentsaurrekoan asteazken honetan
Markel Olano eta Aintzane Oiarbide prentsaurrekoan asteazken honetan. Argazkia: gipuzkoa.eus.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AP-8 eta AP-1 autobideak mugaz gaindiko laborategi bihurtuko dira datorren urtean Gipuzkoan, enpresek ibilgailu autonomoak eta eta hainbat irtenbide teknologiko probatu ahal izango baitituzte lurraldeko errepideetan, "balio erantsia" duten zerbitzuak sortzeko. Foru Aldundia uda hasieran hasiko da autobideak 25 balizaz eta sentsorez hornitzen, eta Gipuzkoa Living Lab martxan egongo da 2022an.

Gipuzkoa Living Lab da laborategi horren izena, eta foru gobernuaren "proiektu estrategikoetako bat" da. Markel Olano ahaldun nagusia buru duen erakundeak milioi bat euro bideratu ditu laborategi horretara, eta pandemiak sortutako krisiaren aurrean sortutako Next Generation berreskuratze funts europarraren laguntzak eskatu ditu horretarako.

Olanok eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Gipuzkoa Living Lab aurkeztu dute asteazken honetan. Baliza eta sentsore horiek ITS-G5 komunikazio-sistemarekin funtzionatuko dute, eta datuak transmititu eta bilduko dituzte azpiegiturak, ibilgailuak eta sare-kudeatzaileak informazioa denbora errealean parteka dezaten.

Oiarbidek azaldu duenez, datu guztiak Big Data plataforma batean sartuko dituzte eta, adimen artifizialeko algoritmoen bidez, erabiltzaile bakoitzari informazio zehatza eskainiko diote (obrak, istripuak, trafikoaren egoera, auto-ilarak eta izotza galtzadan).

"Hodeian" egongo diren datu gurutzatuak lehen fasean iritsiko dira sakelako telefonoetara, audio-mezuen bidez, gidatzearen segurtasuna bermatzeko. Hurrengo faseetan, ibilgailuek beraiek eramango dituzte sistema horiek, "gero eta autonomoagoak direlako", Oiarbidek azaldu duenez.

Gipuzkoako Foru Aldundia Ipar Euskal Herriarekin lanean ari da dagoeneko, zerbitzuak A-63 autobidean sar daitezen, eta, Frantziako agintariek Parisera edo beste hiri batzuetara doazen bideetara "eskalatu" nahiko balute, sistema bateragarria izango litzatekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Teknologia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa