Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadi eremu gorritik atera da, intzidentzia 400 kasutik behera jaitsi baita
EAEn 479 positibo berri izan dira azken orduetan, eta R0 0,84an dago. Zainketa intentsiboetako unitateetan 159 pertsona daude.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Euskadi pandemiaren eremu gorritik atera da, intzidentzia-tasa metatua 14 egunetan 384,78 kasura jaitsi baita 100.000 biztanleko. Euskal Autonomia Erkidegoan 39 pertsona hil dira maiatzaren 3tik 9ra bitartean, aurreko astean baino bat gutxiago, eta joan den asteartean 479 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 18 gehiago, eta positibotasun tasa % 4,9ra igo da.
Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera, joan den asteartean 9.684 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko egunean baino gutxiago (9.817), eta 479 detektatu zituzten. Adierazle horiekin, frogen positibotasun tasa bi hamarren igo da, % 4,7tik % 4,9ra.
Lurraldez lurralde aztertuta, 298 kasu positibo atzeman dituzte Bizkaian astearte honetan, astelehenean baino 33 gehiago, 149 Gipuzkoan (14 gutxiago), eta Arabak 29 kutsatze berri izan ditu, aurreko egunean baino hiru gutxiago. Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean hiru positibo eman dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 69 pertsona ospitaleratu zituzten, eta gaur egun 159 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino bat gehiago.
Bestalde, maiatzaren 3tik 9ra bitarteko astean metatutako datuak aztertu ondoren, 39 heriotza izan dira covid-19aren ondorioz.
100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasu positiboen tasa jaitsi egin da Euskadin asteartean, beheranzko joerarekin jarraituz, 384,78 kasura iritsita, hau da, astelehenean baino 18 puntu gutxiago (402,51). Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak 'eremu gorria' alde batera utzi du.
Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) ere jaitsi egin da astearte honetan, eta 0,78an kokatu da Euskadi osoan (0,79koa zen aurreko egunean).
Bestalde, R0 indizeak (kutsatu batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten du) 1etik behera jarraitzen du; zehazki, 0,84 Euskadin eta 0,77 Araban, 0,86 Bizkaian eta 0,82 Gipuzkoan.
Aldi berean, intzidentziak behera egin du hiriburuetan: Gasteizen 222,91 kasu (astelehenean, 237,42), Bilbon 460,92 (aurreko egunean, 472,18) eta Donostian 465,48 (bezperan, 484,12).
79 ikasgela itxi dituzte asteazken honetan, asteartean baino 26 gutxiago (gelen % 0,45). Gainera, asteazken honetan ez dago EAEn aurrez aurreko jarduera itxita duen zentrorik.