Gizartea -
KORONABIRUSA
Euskadin koronabirusaren aldaera indiarraren bost kasu baieztatu ditu Osasun Sailak
Sagarduik azaldu du bost kasuetatik lau Bilboko portuan konfinaturik dagoen "Stavanger Pearl" ontziko marinelak direla eta bosgarrena atzerrira egindako bidaia batean kutsatu zen herritar bat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bost dira Euskadin hauteman diren koronabirusaren aldaera indiarraren kasuak. Horien artean, Bilboko Portuan konfinatua dagoen "Stavanger Pearl" itsasontziko lau tripulatzaile daude, eta bosgarren kasua atzerrira bidaiatu ondoren gaixotasuna garatu zuen pertsona bat da, aurreko kasuekin zerikusirik ez duena. Hala baieztatu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Joan den ostiralean, Sagarduik jakinarazi zuen bi kasu zeudela baieztatuta berrogeialdian dagoen ontzi horretako marinelen artean eta beste bi aztertzen ari zirela. Hain zuzen, gaur baieztatu direnak.
Sailburuak gaineratu duenez, guztiak Indiako aldaeraren 2. azpimotakoak dira, eta txertoek mota horren kontrako babesa ematen dutela jakinarazi du.