Gizartea -
Alarma egoeraren amaiera
Nafarroako Auzitegiak gaur ebatziko du etxeratze agindua onartu ala ez
Fiskaltzak etxeratze aginduaren kontra egin zuen atzo, baina Gobernuak ezarritako gainerako murrizketak ontzat eman zituen.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur erabakiko du Foru Gobernuak ezarritako etxeratze agindua onartzen duen ala ez. Iturri juridikoen arabera, 14:00etarako espero da ebazpena.
Maria Chivitek zuzentzen duen gobernuak Santos Indurain Osasun kontseilariaren foru agindu baten bidez ezarri zuen neurria, 23:00etatik 06:00etara indarrean dagoena. Nafarroako Gobernuak uste du pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorra izan dela urriaren 25ean ezarri zenetik.
Alarma-egoera bertan behera geratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten neurri guztiek epaileen oniritzia izan behar dute. Foru Gobernuak, dena den, aurreratzeko hautua egin zuen eta auzitegien babesa izan baino lehen ezarri zuen. Atzo Nafarroako Fiskaltzak neurrion inguruko bere irizpidea ezarri zuen: etxeratze aginduaren aurka azaldu zen, baina gainerako neurriak balekotzat hartu zituen.
Chiviteren gobernuak espero du Nafarroako Auzitegiak babesa ematea gaueko mugikortasuna murrizteko erabakiari, bilkurak eta jaiak saihesteko (kutsatzeak, hein batean) modu eraginkorra dela ulertuta. Ikusteke dago zer erabakitzen duen epaimahaiak, irizpide ezberdinak baitaude. EAEko Auzitegi Nagusiak, esaterako, Jaurlaritzak proposatutako neurri murriztaile guztiak baztertu zituen, baina Valentziako eta Balearretako auzitegiek ontzat eman zituzten erkidego horietako etxeratze aginduak. Kanarietako Gobernuak, Auzitegiaren ezezkoa jaso ostean, Gorenera joko duela iragarri du, azkenik.
Hain justu, Nafarroako Auzitegiak neurria baztertuz gero, Gorenean helegiterik jarriko ez duela aurreratu du Chivitek, aurrez Urkulluk egin bezala.