Gizartea -
Alarma egoeraren amaiera
Botiloiak desegin dituzte Bilbon, Berrizen, Getxon, Leioan, Lemoan eta Ordizian
Halaber, hamar kontainer erre dituzte Eibarreko hirigunean eta bi Bilboko Txotena kalean.
EITB Media | Agentziak
Ertzaintzak eta Udaltzaingoek hainbat botiloi desegin ditu goizaldean Bilbon, Berrizen, Getxon, Leioan, Lemoan eta Ordizian, besteak beste. Alarma egoera bertan behera gelditu eta orduetara, poliziak hainbat identifikazio egin ditu EAEko herrietan eta hirietan.
Hala, 00:00etatik aurrera hainbat bilkura izan diren arren, Segurtasun Sailak adierazi du ez dela “istilu aipagarririk” gertatu.
Leioan, 02:30ean, hainbat pertsona bildu dira Artazako parkean eta horietako batzuek objektuak jaurti dizkiete Babes Zibileko bi patruilari. Brigada Mugikorreko langileak ere bertaratu dira eta, orotara, hiru pertsona identifikatu dituzte kalean edateagatik eta errespetu faltengatik. Ez da zauriturik egon.
Beste hainbat tokitan Ertzaintzak eta Udaltzaingoek hainbat pertsona kontzentrazio desegin dituzte, kalean edatea debekatuta dagoela gogoraraziz. Besteak beste, Getxon, Berrizen, Bilbon (Artxanda), Arrigorriagan, Santurtzin, Ordizian eta Lezon jazo dira gertakariok eta, gehienetan, jendeak alde egin du patruilak bertaratu orduko.
Hainbat identifikazio eta isun proposamen jazo dira, 55 gauerditik aurrera, maskara ez erabiltzeagatik eta kalean edateagatik guztiak.
Hainbat gazte, Getxon. Argazkia: EFE
Kontainerrak erre dituzte Eibarren eta Bilbon
Halaber, Eibarreko hirigunean hamar kontainer erre dira eta Ertzaintza gertakaria ikertzen ari da. Suhiltzaileak bertan izan dira suteak itzaltzen.
Gainera, Bilboko Txotena kalean bi kontainerrek su hartu dute eta ondoan zegoen auto bati kalteak eragin dizkio suteak.