Gizartea -
Dima
Baltzolako kobak itxi dituzte Q sukarraren agerraldi baten ostean
Hamar pertsona ospitaleratu dituzte, eta beste 19 susmagarri daude.
agentziak | eitb media
Baltzolako kobak bisitatu dituzten hamar pertsona ospitaleratu dituzte Q sukarrak jota, eta gaixotasunarekin kutsatu ote diren aztertzen ari diren beste 19 susmagarri daude. Dimako leizeak ixtea erabaki dute gaixotasunaren agerraldia dela eta.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaixotasunaren inkubazio garaian joan ziren 29 pertsonak leizeetara, 14. egunetik 39.era, ondorioz, kobazuloen sarbidea itxi egin dute. Izan ere, bisitak oso ohikoak dira, soka bat erabiltzen da ibilbidea egiteko eta eskalatzaile asko ibiltzen da bertan.
Apirilaren erdialdean hasi ziren lehenengo kasu susmagarrien sintomak, eta ordutik, Osasun Saila eta gainerako erakundeak kobak desinfektatzen aritu dira enpresa espezializatu batekin, eta itxi egin dute pasabidea, animaliak ere sar ez daitezen.
Coxiella burnetti bakterioak eragiten du Q sukarra, eta animaliek kutsatzen diete gizakiei; normalean ardiek, ahuntzek eta behiek.
Sintomen artean sukarra eta buruko eta giharretako mina egon ohi dira, eta birikietako eta gibeleko arazoak sortzen ditu.