Gizartea -
donostiako metroa
Beste zulo bat atzeman dute Donostialdeko Metroko lanetan
Ezaugarri hauetako hirugarren gorabehera da lanak hasi zirenetik, eta duela urtebete lanetan agertutakoarekin izan dezake zerikusia.
eitb media
Euskal Trenbide Sarea (ETS) trenbide-kudeatzaileak beste zulo bat atzeman du Kontxako hondartzako kabinen forjaketaren azpian. Antza denez, duela urtebete Donostialdeko Metroko lanetan agertutako zuloarekin dago lotuta.
Zulo berri hori udal-kutxatilen ohiko ikuskapen batean aurkitu dute, Zaragoza Plaza aldean. Lanetako eta Udaleko teknikariek egiaztatu dutenez, gertakariak ez dio kabinen oinarri den forjaketaren egiturari eragin. Trenbide-kudeatzailea zuloa hormigoiz betetzen ari da orain.
Lehen azterketaren ostean jakin dute, dirudienez, duela ia urtebete lanetan gertatutako gorabeherarekin lotuta dagoela oraingoa. ETStik azaldu dutenez, "mugimendu horrek inguruko hondarraren deskonpresioa eragin zuen, eta horrek sortu du egoera hau".
Ezaugarri hauetako hirugarren gertakaria da lanak hasi zirenetik, iazko ekainaren 5ean ur-filtrazio batek 20 metro kubikoko barrunbea eragin ondoren. Donostiako Zubieta kaleko 8an gertatu zen hori, eraikin baten zimendatzean.
Azaroan bigarren zulo bat agertu zen, bi metroko diametrokoa, Mirakontxaren atzealdeko kale horretan, lanen parean.
Lehen bi gertakari horien ostean, berriro lizitatu zuten, abenduan, Donostialdeko Metroko Mirakontxa-Easo tartea. Une horretan egiaztatu zutenez, arazo tekniko horiek lanen kostea % 62 igo zezaketen.
Maiatzaren 5ean Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio sailburuak jakinarazi zuenez, 150 milioi eurokoa da, momentuz, Donostialdeko Metroko saihesbidearen erabateko kostua. Kalkulatu dutenez, oraindik kontratatu ez dituzten beste jarduketa batzuk batuta, guztizko kostua 227 miloi eurokoa izan liteke.
Azken gertakari horren berri izan ostean, EH Bildutik "metroko lanen iluntasuna" salatu dute, eta "bereziki larri" ikusten dute Udalak "oraindik egoeraren inguruan informaziorik eman ez izana".
Haien aburuz, zulo berriak "agerian uzten du inguru ezegonkorregia dela, eta lehenengo zuloaren ostean martxan jarri zituzten euste-lanek ere ez dute emaitzarik izan".
"Beste behin, zentzugabekeria hau etetea eskatzen dugu, atzerapenak eta milioi askoko gainkostuak pilatzeaz gain, Donostiako herritarren eta langileen segurtasuna arrisku larrian ipintzen ditu eta", gaineratu dute.