Gizartea -
Alarma-egoeraren amaiera
Etxeratze-agindua eta itxiera perimetralak amaitu dira EAEn
Gehienez elkartu daitezkeen pertsonen kopuruaren muga ere kendu du LABIk, ostalaritzan eta kirolean izan ezik. Neurri berriak igandean sartuko dira indarrean, alarma egoera indargabetzen denean.
EITB MEDIA
Igande honetatik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoan ez da etxeratze-agindurik izango, ezta itxiera perimetralik ere, eta posible izango da lau pertsona baino gehiago biltzea taldean. Halaber, tabernak eta jatetxeak 22:00ak arte egongo dira irekita.
Iñigo Urkullu lehendakariak zuzendutako LABI batzordeak arratsalde honetan onartu du alarma-egoera baliorik gabe geratzen denean –igandean, 00:00etan- indarrean sartuko den dekretu berria, eta 20 bat egun iraungo duena, hasiera batean. Hil amaieran LABIren batzordea berriro elkartzea aurreikusi du.
Atzo iragarri zuen moduan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako ebazpenean aipatutako irizpideak betetzea erabaki du Eusko Jaularitzak. Horrela, bada, dekretu berrian ez dituzte etxeratze-agindua, itxiera perimetrala -udalerriena, lurraldeena nahiz erkidegoarena- eta pertsonen arteko bilerak mugatzeko neurriak jaso.
Eguerdian ezagutarazi duten autoan, epaileek ohartarazi dute alarma-egoerarik gabe ezinezkoa dela oinarrizko eskubideak murriztea.
Lehendakariak jakinarazi du bihar onartuko duten dekretuak martxoaren 26koa ordezten duela, egoera berriari egokitzeko. Hala ere, aitortu du ez dela nahi luketena, bi baldintza bete behar dituztelako: alarma egoerarik ez dagoela eta EAEko auzitegi nagusiaren ebazpena.
Auzitegiaren ebazpenaren aurrean, lehendakariak esan du "zaila" dela "ulertzea eta gizarteari azaltzea neurri berberek ebazpen desberdinak jasotzea" Estatuko erkidegoetan.
LABIren bileraren osteko prentsaurrekoan, Urkulluk baztertu egin du auzitegiaren erabakiaren aurkako helegitea jartzea, "egunetako" kontua delako, eta "gizarteak ziurtasunak" behar dituelako. Gainera, uste du ez dela egoera "judizializatu" behar, "politikoki" erabaki behar dela.
Lehendakariak gogor gaitzetsi du alarma egoeraren amaiera, eta "harrotasuna" sentitzen du luzapena eskatu duen bakarra izan delako. Izan ere, alarma egoerak "murrizketak ahalbidetzen" dituela azpimarratu du, "eraginkorrak diren murrizketak, tartean gaueko mugikortasuna, konfinamenduak eta bilkurak mugatzea".
Pandemiari aurre egiteko datozen hiru asteak "garrantzitsuak" izango direnez, "arduratsu" jokatzeko deia berretsi du, "ukatu zaigunak (auzitegiaren ebazpenarekin) sor ditzakeen tentazioen aurrean".
Neurriak
Hala, lehendakariak iragarri du bertan behera geratu dira etxeratzeko agindua eta itxiera perimetralak, baina gaueko mugikortasuna 23:00etatik 06:00etara "automugatzea" gomendatu du.
Ostalaritzan eta kirolean pertsonen mugari eusten zaio, eta neurri orokor gisa, 4 pertsona baino gehiagoko bilkurak saihestea gomendatu dute.
22:00etan itxi beharko da ostalaritza eta ordurako amaituta egon beharko dira bestelako kultur, gizarte eta merkataritza jarduerak.
Merkataritzan, 150 metro koadrotik gorako lekuetan % 40ko edukiera errespetatu beharko da, eta hori baino txikiagoetan, % 60koa. Azoketan postuen erdia bakarrik jarri ahal izango da.
Bestalde, itxita jarraitu beharko dute elkarte gastronomikoek eta bestelako lonja edo lokalek.
Taberna eta jatetxeen barruko edukiera % 50ekoa izan beharko da gehienez, eta debekatuta egongo da barran edo zutik kontsumitzea. Gehienez 4 pertsona elkartu ahal izango da leku horietan, eta maskara jarrita izan beharko da. Arau berberak egongo dira joko-lokaletan.
Gaueko aisiko establezimenduek (dantzalekuak, etab.) itxita jarraituko dute.
Kultu-lekuetan edukiera % 35ekoa izango da; eta beilatoki eta ehorzketetan 30 pertsona elkartu ahal izango dira gehienez aire zabalean, eta 6, leku itxietan.
Musika eta ahots jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak bete beharko dituzte.
Kirol instalazioetan % 50eko edukiera egongo da, aldageletan % 35ekoa, eta ez da ikuslerik baimenduko. Gehienez 6 pertsona elkartu ahalko dira kirola egiteko bai aire zabalean bai barnealdean; eskola kirolaren entrenamenduak baimenduko dira, aldagelarik gabe, eta musukoa erabili beharko da lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko bizietan izan ezik.
Dena dela, Eusko Jaurlaritzaren deia da "auto-erantzukizunerako garaia" dela.