Gizartea -
KORONABIRUSA
Indiako aldaeraren hiru kasu baieztatu dituzte EAEn
Horietako bi Bilboko Portuan porturatutako itsasontziko bi tripulatzaile dira, eta besteak ez du horiekin harremanik.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Osakidetzak covid-19aren Indiako aldaeraren hiru kasu baieztatu ditu Euskadin, sekuentziazio teknikaren bidez, igandean Bilboko Portura heldutako itsasontziko bi tripulatzailerenak eta horiekin harremanik ez duen beste batena. Bi marinelak "behar bezala isolatuta" zeuden, Osasun Sailak zehaztu duenez.
Ontziko beste pertsona batek ere positibo eman zuen, eta kontaktuen jarraipenari eta tripulazioaren artean egindako baheketari esker, beste bat atzeman zuten. Horrela, foku horrekin identifikatutako kasu positibo guztiak lau dira, Osasun Sailak emandako datuen arabera.
Osakidetza gainerako laginak aztertzen ari da, Indiako aldaera ote den jakiteko. Halaber, transmisio katea "kontrolpean" dagoela eta kaltetutako pertsonak "behar bezala isolatuta" daudela azpimarratu du.
Bestalde, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak jakinarazi du aurreko biekin zerikusirik ez duen beste pertsona bati Indiako aldaera atzeman diotela, eta laugarren kasu bat aztertzen ari direla.