Gizartea -
Sare Sozialak
Pandemiak sareak astindu ditu: Instagramek eta Tik Tokek gora eta Facebookek behera
Telebista adimendunen erabilera hazi da eta sareen erabileraren intentsitateak ere gora egin du.
eitb media
Covid-19aren pandemiak sare sozialak erabiltzeko modua ere aldatu du Estatuan, eta Instagram eta Tik Tok aplikazioek, esaterako, gorakada handia izan dute. Hala ere, Facebooken eta Youtuberen beherakada nabarmena izan da, IAB Spain elkartearen ikerketa baten arabera.
Txostenak jaso duenez, mugikorra da oraindik sare sozialekin konektatzeko gehien erabiltzen den gailua, nahiz eta telebista adimendunak izan diren 2021ean gehien ugaritu diren gailuak.
Halaber, 16 eta 24 urte arteko gazteen % 90ek sare sozialak erabiltzen dituzte, eta 40 urtetik beherakoak dira konektatuta denbora gehien ematen dutenak.
WhatsApp aplikazioak jarraitzen du gustukoena izaten, eta Instagram eta Tik Tok ditu atzetik, baina azken hori hazi da gehien, 2020tik zuen inertzia sendotuta.
Gainera, sareen erabileraren intentsitatea ere handitu egin da, bi minutu egunero, eta ordu bat eta 21 minutukoa da orain batezbestekoa.
Ikerketak argitu duenez, entretenitzeko, elkarreragiteko eta informatzeko erabiltzen dira gehien sare sozialak. Gertukoenen kontuak jarraitzen dituzte gehien erabiltzaileek, eta influencer eta marka ezagunenen kontuak daude zerrendan ondoren.
Marka horien promozioak dira elkarreragin eta web trafiko gehien sortu dituzten edukiak, enpresa askok influencerrengana jotzen baitute beren edukiak iragartzeko.