Gizartea -

Koronabirusa

Chivite: "Nafarroak deseskalatze mantso eta zuhurra egingo du maiatzean zehar"

Hilabete honetan etxeratze aginduari eutsi nahiko lioke Nafarroako presidenteak, eta epaileek hori babestuko ote duten galdetuta, kezkarik ez duela esan du, aurretik ere babestu zituztelako neurriak.

Chivite, EFEren artxiboko argazki batean.
Maria Chivite.
Chivitek deseskalatze ''motel eta zuhur'' bat egin nahi du maiatzean zehar

1:44

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako presidenteak nabarmen duenez, "Foru Erkidegoak deseskalatze zuhur, progresibo, mantso eta segurua" egiteko asmoa du maiatzean zehar, eta alarma egoera amaituta ere, erkidegoek pandemiari aurre egiteko "nahikoa neurri" badituztela berretsi du.

Era berean, iragarri du ekainean ostalaritzari zuzendutako dirulaguntza programa berria jarriko dutela martxan, "murrizketak gehien pairatu dituzten sektorea" delako, aitortu du.

Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Nafarroako egoera epidemiologikoa hartu du hizpide Nafarroako presidenteak baita txertaketa kanpaina ere. Azken horri buruz, 270.000 dosi jarri dituztela azpimarratu du.

Alarma egoeraren amaierari dagokionez, aipatu du Gobernuan ez daudela "larregi kezkatuta" Nafarroako Auzitegi Nagusiak murrizketez esan dezakeenarekin. Gogorarazi duenez, urrian bertan exekutiboak hartutako neurri guztiak babestu zituen Auzitegiak.

Kasu honetan, ez dute itxiera perimetrala luzatzea beharrezko ikusten, ez baitago "muturreko arriskurik", bana etxeratze aginduari eutsi nahiko liokete maiatzean.

Nolanahi ere, igandean sartuko da indarrean Santos Indurain Osasun kontseilariak sinatutako foru araua, eta egun horretan bertan edo astelehenean aurkeztuko dute Auzitegian, hark babes dezan. Chiviteren ustez, erkidegoek badituzte "nahikoa tresna" pandemiari aurre egiteko.

Azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 250 kasutik gorakoa da Foru Erkidegoan. Zehazki, 313,6 kasukoa 100.000 biztanleko, "muturreko arriskuan" dago, beraz, Nafarroa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Jatetxeak Tabernak Txertoak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Osasunbidea