Gizartea -
Alarma-egoeraren amaiera
LABI instituzionala ostiral honetan bilduko da dekretuaren neurriak zehazteko
Aholku Batzordearen bilera amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzak datorren igandeko 00:00etatik aurrera Euskadin izango diren murrizketen berri emango du.
N. B. | eitb media
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, ostiral arratsaldean bilduko da, maiatzaren 9an alarma-egoera amaitu ostean Euskadin ezarriko den dekretuak izango dituen neurri murriztaileak zehazteko.
Batzorde horrek euskal erakunde nagusien ordezkariak bildu eta Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusaren pandemiaren hedapena saihesteko aplikatu beharreko neurriei buruzko erabakiak hartuko ditu, eta bihar, 16:30etik aurrera, Gasteizen izango du bilera.
Bilera Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irizpena jaso ondoren egingo da, joan den asteartean Jaurlaritzak bere murrizketen aurreko baimena eskatzeko helarazi baitzion dekretuaren zirriborroa.
Lehendakariaren helburua EAErako hartzen diren neurriek berme juridikoak izatea da, eta, beraz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak neurri horietakoren bat errefusatzen badu, ez da sartuko Iñigo Urkulluk sinatzen duen testuan.
Horrela, Urkulluren asmoa da helegiteak eta ziurgabetasuna saihestea, baldin eta ezartzen diren neurriak, behin-behinean bada ere, baliorik gabe geratzen badira. Horrela, Eusko Jaurlaritzak ez du kasazio-errekurtsorik jarriko Auzitegi Gorenean, Pedro Sanchezen Gobernuak formula hori bultzatu baitu autonomia erkidegoetarako, kasuan kasuko Auzitegi Nagusiak murrizketak bertan behera uzten dituenean.
LABIren bilera amaitzean, Eusko Jaurlaritzak datorren igandeko 00:00etatik aurrera Euskadin izango diren murrizketen berri emango du, alarma egoeraren azken luzapenaren dekretua bertan behera geratzen denean.