Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadiko intzidentzia metatua beste 15 puntu jaitsi da, 478 kasuraino

R0, zainketa intentsiboetako pazienteak, ospitaleratze berriak eta gela arruntetako gaixoak ere jaitsi dira. Kutsadurak 670etik gora mantentzen dira eta positibotasuna % 6 ingurukoa da.

Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilbon
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko egoera epidemiologikoaren larritasunak beheranzko joerari eusten dio; izan ere, covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak behera egin du, eta birsorkuntza tasa (R0), zainketa intentsiboetako gaixoak, ospitaleratze berriak eta gela arruntetako ospitaleratzeak ere jaitsi dira.

Osasun Sailak ostegun honetan emandako datuen arabera, atzo 11.268 test diagnostiko egin zituzten eta 673 pertsonak positibo eman zuten, aurreko egunean baino 3 gehiagok; beraz, positibotasuna % 6ra jaitsi da.

Lurraldez lurralde aztertuta, 673 kutsatze berrietatik 358 Bizkaian diagnostikatu zituzten, 237 Gipuzkoan, 66 Araban eta 12 EAEtik kanpo bizi direnen artean.

Datu horiekin, astearteko 100.000 biztanleko 494,4 kasutik asteazkeneko 478,9ra jaitsi da intzidentzia, beste 15 puntu gehiago.

Jaitsiera hori orokorra izan da hiru lurraldeetan: Araban, 320,7 kasu izan dira (bezperan baino 10 gutxiago); Bizkaian, 443,8 (ia 10 gutxiago); eta Gipuzkoan, 592,5 (29 gutxiago).

Hiru hiriburuetan ere bilakaera ona izan du tasa horrek: Gasteizen 311,5 kasu metatu dira bi astetan, Bilbon 527,8 eta Donostian 574.

Gainera, oinarrizko birsorkuntza tasak behera egiten jarraitzen du eta 0,87an dago, aurreko eguneko 0,88aren aldean.

Araban, R0k apur bat egin du gora, 0,79tik 0,82ra; Bizkaian, 0,95ean mantendu da; eta Gipuzkoan, azken bost egunetako jaitsierari eutsi dio, 0,79an baitago.

Pandemiaren bilakaera positibo hori asistentzia-egoeran islatzen ari da, 40 gaixo gutxiago baitaude EAEko ospitaleetan.

Zainketa intentsiboak behar dituzten pertsonen kopurua 183ra jaitsi da (asteartean baino 2 gutxiago) eta gela arruntetan daudenak 425 dira, 38 gutxiago. Gainera, atzo 50 pertsona ospitaleratu zituzten, eta 75 izan ziren bezperan.

Hezkuntza Sailak pandemiaren inguruko datuak eguneratu ditu ikastetxeen sarean, ez baitago pandemiaren jarduera presentziala erabat etenda duen ikastetxerik.

Ostegun honetan, 106 ikasgela itxi dituzte, atzo baino 9 gehiago. 68 ikastetxetan dute gelaren bat itxita, asteazkenean baino 5 gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza sistemako albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak