Gizartea -

Alarma-egoeraren amaiera

Epaileek gaur iragarriko dute Urkulluk ezarri nahi dituen neurrien gaineko erabakia

Epaimahaiak ostiral honetan (13:00) jakinaraziko du bere ebazpena, eta lehendakariak LABI politikoaren bilera deitu du arratsaldean, behin betiko dekretua onartzeko asmoz.

Iñigo Urkullu eta Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu eta Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea.
Iñigo Urkullu eta Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma-egoera indargabetzen denean Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko ezarri nahi dituen neurrien dekretua aztertu du ostegun honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta gaur (13:00ean) jakinaraziko du bere ebazpena.

Zirriborroaren arabera, erkidegoan intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 200 kasutik gorakoa den bitartean, itxiera perimetrala eta etxeratze agindua indarrean egongo lirateke. Halaber, 400 kasutik gora pilatzen dituzten udalerriak konfinatuta mantendu nahi dituzte.  

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, epaitegiak erabakitzen duena beteko du eta Eusko Jaurlaritzak ez du Espainiako Auzitegi Gorenean helegiterik jarriko. Hain justu ere, Espainiako Gobernuak aste honetan dekretu berri bat onartu du, epaileen erabakiarekin ados ez dauden gobernu autonomikoek Gorenera babes eske jotzeko aukera izan dezaten.

Edonola ere, gerta liteke beste erkidego batek edo Espainiako Gobernuak berak Gorenean helegitea jartzea, Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriekin ados ez badago.

Adibidez, Balearretako Auzitegi Nagusiak babestu egin du etxeratze agindua luzatzea, alarma-egoera indargabetu arren. Euskal Autonomia Erkidegoak bezala, Nafarroak ere neurri horri eutsi egin nahi dio aurrerantzean.  

Gauzak horrela, lehendakariak erakundeen arteko LABI batzordearen bilera deitu du gaur arratsalderako (16:30ean) eta behin betiko plana onartuko dute, epaileen ebazpena kontuan hartuta. Batzarra amaituta, lehendakariak agerraldia egingo du –zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en- neurri berriak zeintzuk izango diren azaltzeko. Dekretu berria larunbatean argitaratuko dute aldizkari ofizialean eta igandean bertan sartuko da indarrean.

Dekretuari buruzko erabakia Administrazioarekiko Auzien Salak hartuko du eta epaimahaia Luis Angel Garrido magistratuak zuzentzen du. Joan den otsailean baliorik gabe utzi zuen 500 kasutik gorako intzidentzia-tasa metatua zuten udalerrietan tabernak eta jatetxeak ixteko Eusko Jaurlaritzak eman zuen agindua.

Bestalde, EAEko Fiskaltza itxiera perimetrala eta etxeratze-agindua mantentzearen kontra agertu da, oinarrizko eskubideak alarma-egoera indarrean dagoenean soilik murriztu daitezkeela argudiatuta.

Pertsonen arteko bileren kasuan, berriz, Fiskaltzak uste du aurrerantzean ere posible izango litzatekeela taldeak lau pertsonara mugatzea.

Datorren igandetik aurrera, alarma-egoera indargabetuta geratuko denez, udalak eta erkidegoak Osasun Publikoaren Legean (2011) eta Osasunaren Lege Orokorrean (1986) oinarritu beharko dira erabakiak hartzerakoan.

Oinarrizko eskubideei eragiten ez dien beste edozein neurri ezartzeko aukera izango dute, hala nola ostalaritzaren eta saltokien ordutegiak murriztea,  gaueko tabernak ixtea edo segurtasun tarterik gabe erretzea debekatzea.  

BIDEOA | Eusko Jaurlaritzak mantendu nahi dituen neurri murriztaileak

Hauek dira Urkulluk mantendu nahi dituen murrizketak, alarma egoera amaitu ostean
Hauek dira Urkulluk mantendu nahi dituen murrizketak, alarma egoera amaitu ostean
Hauek dira Urkulluk mantendu nahi dituen murrizketak, alarma egoera amaitu ostean

1:53
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera EAEko Auzitegi Nagusia hoy