Gizartea -

aurkikuntza

Afrikako giza hobiratze zaharrena hiru urteko haur batena da, Mtotorena

Ikerketak datu berriak eskaini ditu Erdi Paleolitoko giza taldeek hildakoekin elkar eragiteko zuten moduari buruz.

Mtotoren gorpuzkien berreraikitze birtuala, aurkitu zituzten jatorrizko jarreran. Argazkia: EFE
Mtotoren gorpuzkien berreraikitze birtuala, aurkitu zituzten jatorrizko jarreran. Argazkia: EFE
Mtotoren gorpuzkien berreraikitze birtuala, aurkitu zituzten jatorrizko jarreran. Argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako zenbait zientzialarik gaur arte Afrikan aurkitu den giza hobiratze zaharrena aurkitzen lagundu dute, Burgosko Giza Eboluzioaren Museotik (GEM) jakinarazi dutenez.

Talde eta erakunde hauek aritu dira elkarrekin: Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentro Nazionala, Giza Historiaren Zientziarako Max Planck Institutua eta Kenyako Museo Nazionalak. Juan Luis Arsuaga GEMeko zuzendari zientifikoak ere parte hartu du ikerketan.

Ikerketa 2010an abiatutako indusketa batzuen emaitza da, eta datu berriak eskaini ditu Erdi Paleolitoko giza taldeek hildakoekin elkar eragiteko zuten moduari buruz.

2013an aurkitu zituzten lehenengo hezur puskak, baina 2017ko indusketan gelditu zen erabat ikusgai gorpua hobiratuta zegoen barrunbea. Oraingo kobazuloaren azpitik hiru metrora zegoen, jalkinez eta denboraren poderioz ahuldutako hezur batzuekin beteta.

Eskaiola jarrita, gorpuzkien egoera zela eta, blokea Nairobira eraman zuten lehenbizi, eta Burgosera, ondoren, indusketa eta azterketa berezia egiteko. Analisiak azaleratu zuenez, hezurrak 2,5 eta 3 urte bitarteko haur batenak ziren, eta 'Mtoto' izena jarri zioten ("haurra", swahiliz).

Aurkikuntza esanguratsua

Mtoto duela 78.000 urte hobiratu zuten Kenyako Panga ya Saidi aztarnategian. Gune hori ezinbesteko bilakatu da gure espeziearen jatorria eta, bereziki, lehen hileta-jokabide konplexuak ikertzeko.

Maria Martinon Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentro Nazionaleko ikertzaile eta zuzendariak azaldu duenez, haurra horretarako espresuki zulatutako barrunbe batean hobiratu zuten, eta, bertan, "posizio berezian jarri zuten, modu delikatuan, fetu-jarreran, burua euskarri baten gainean jarrita, burkoa balitz bezala".

Gainera, Martinonek nabarmendu duenez, "gorpua animalien larruekin edo hostoekin egindako hil-oihal batean bildu zuten eta, gero, lurrez estali".

Orain arte, Afrikan antzeko kronologietan aurkitutako hobiratzeen ebidentzia bakarra Hegoafrikako Border Cave zen. Bertan aurkitu zituzten duela 74.000 urte inguru hobiratutako haur baten gorpuzkiak, baina horri buruzko dokumentazio eskasak eztabaida sortu zuen aurkikuntzaren inguruan.

"Afrikako hobiratzeen ebidentzia sendo eta argiak falta zitzaizkigun, eta horregatik da hain interesgarria Mtoto aurkitu izana", esan du Martinonek. Hori bai, zientzialarientzat misterioa da oraindik zergatik ez den aurkitu hobiratze gehiago Afrikan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Burgos argazkiak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak