Gizartea -

eurokopa

Euskal Erakundeek Eurokopan inbertitutakoa berreskuratu nahi dute

Bilboko Udalak adierazi duenez, UEFAren eta Espainiako Futbol Federazioaren aurkako auzia jarriko dute, hitzarmena apurtzeagatik.

San Mames futbol-zelaia, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
San Mames futbol-zelaia, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
San Mames futbol-zelaia, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Ochandiano Bilboko Garapen Ekonomikorako zinegotziak (EAJ) adierazi duenez, euskal erakundeen "lehentasuna" da Sevillan jokatuko den Eurokopan inbertitutako gastua "erabat berreskuratzea".

UEFAk apirilean kendu zion Bilbori Eurokopako egoitza izateko aukera, Sevillari emateko. Eusko Jaurlaritzak San Mameseko edukiera % 25era mugatu ondoren erabaki zuten hori, zaila baitzen baldintza horiek ekainerako bete ahal izatea, Euskadiko pandemia-egoera dela eta.

Ochandianok azaldu duenez, UEFAren eta Espainiako Futbol Federazioaren aurkako auzia jartzea aztertzen ari dira, hitzarmena "inolako argudiorik gabe" apurtzeagatik.

Zehazteko dago oraindik Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eskatuko duten konpentsazio ekonomikoa. Izan ere, orain arte 1,3 milioi euro gastatu dituzte ekitaldia antolatzen, baina hornitzaileekin hitzarmenak dituzte sinatuta eta, kasu batzuetan, kalte-ordaina eman beharko diete, sinatutakoa ez betetzeagatik.

Zinegotziak zalantzan jarri du UEFAk egoitza guztiei baldintza berdinak eskatzea, Munichek egoitza izatea lortu baitu, nahiz eta bertako alkateak argi esan duen osasun-egoeraren arabera erabakiko dutela publikoa bertaratu ahalko den ala ez. Espainiako Futbol Federazioa Sevillarekin negoziaketetan ari zela ere iradoki du, Bilborekin zuen hitzarmenak indarrean jarraitzen zuenean.

Ochandianok azpimarratu duenez, euskal erakundeak une oro aritu dira lanean Eurokopa Bilbon izateko, publikorik gabe eta eragin ekonomiko "askoz urriagoarekin" egin behar bazen ere.

Bestalde, Bilboko Alderdi Popularrak esan du EAJ izan dela Eurokopa Bizkaiko hiriburuan ez egitearen arduraduna, eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako auzia jarriko duela, "erantzukizun ekonomiko eta penalak eskatzeko".

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek ontzat eman dute Eurokopan publikoa hartu edo ez osasun-egoeraren bilakaeraren arabera erabakitzea, baina Udalak bultzatzen duen nazioarteko ekitaldi handien politika kritikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Futbola bideoak Kirolak Bilboko albisteak Azken ordukoa Bizkaia Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Eurokopa 2024 partidak