Gizartea -
KORONABIRUSA
Aldaera indiarraren hiru kasu baieztatu dituzte Vigon isolatutako itsasontzi batean
Prometheus Leader ontzia isolatuta dago Vigoko portuan, eskifaiako 22 kideetatik 6k covid-19an positibo emanda. B1.617 aldaeraren kasuak "lokalizatuta eta kontrolpean" daudela ziurtatu du Sanidadek.
O.P. | EITB MEDIA
Galiziako Osasun Sailak gaur, larunbata, baieztatu duenez, Vigoko portuan berrogeialdian dagoen 'Prometheus Leader' itsasontziko covid-19 positibo ziren kideei hartutako bost laginetatik hiru bat datoz birusaren aldaera indiarrarekin.
Sergasek (Servizo Galego de Saúde) jakitera eman duenez, Vigoko Alvaro Cunqueiro Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuak kutsatutako tripulatzaileen 5 laginetatik 3tan atzeman du aldaera indiarra.
B1.617 aldaerako 2. azpi-aldaerakoak dira kasu hauek, eta, Sanidaderen arabera, "txertoarekiko sentikorra da". "Beraz, une honetan, agerraldi hau lokalizatuta eta kontrolatuta dago", azpimarratu dute.
Singapurreko bandera duen Ro-Ro 'Prometheus Leader itsasontzia Vigoko portuko transatlantikoen kaian dago aste hasieratik, eskifaiako 22 kideetatik 6k covid-19an positibo eman ostean.
Sergasek bost pertsonaren laginen genoma-sekuentziazioa egitea erabaki zuen, profil klinikoagatik eta Indiatik zetozelako. Orain, ikerketen arabera, horietatik hiru kasu Indiako aldaerarekin bat datoz.
Kutsatutako tripulatzaile guztietatik bi ospitaleratu behar izan dituzte, eta "egonkor" daude Vigoko Vithas ospitaleko solairuan. Gainerako kutsatuek sintoma arinak dituzte edo sintomarik gabekoak dira.