Gizartea -

POLIZIA OPERAZIOA

Kasinoetan iruzur egiten zuen talde bateko hiru kide atxilotu dituzte Irunen

Ertzaintza eta Espainiako Poliziaren ikerketen arabera, atxilotutakoek jolas-makinetako algoritmoak aldarazten zituzten, eta konbinazio irabazlea detektatuta, sariak modu ilegalean lortzen zituzten.

Ertzaintza eta Espainiako Polizia, atxiloketaren unean, Irunen. Argazkia: Ertzaintza.
Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren operazioa. Kideak atxilotzen Irunen.
Ertzaintza eta Espainiako Polizia, atxiloketaren unean, Irunen. Argazkia: Ertzaintza.

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak Espainiako eta Europako herrialde batzuetako kasinoetan iruzurrak egiten zituen erakunde kriminal ibiltari bat desegin dute. 2020ko udan hasitako operazio bateratuari esker, hiru pertsona atxilotu dituzte Irunen, eta agintaritza judizialari herrialdetik atera den laugarren kide batentzat atxilotzeko agindua eskatu dute.

Ikerketaren arabera, talde kriminaleko kideek gailu elektronikoren baten bitartez jolas-makinetako arrabolen ausazkotasun-algoritmoei eragin eta patroiak identifikatzen zituen sistema sofistikatu bat erabiltzen zuten iruzur egiteko. Sekuentzia irabazlea aurkitzen zutenean, atxilotuek hainbat apustu egiten zituzten diru-makinetan, diru-sariak lortuz hala.

Bildutako informazioa eta kasinoen barruan lortutako irudien azterketari esker, jakin ahal izan dute, hautatutako makina jakin batzuetako sariak lortzen zituztenean ikertuak, iruzur egindako lekua seinalatuta ez uztearren, sarietako txartelarekin beste makina batzuetara aldatzen zirela lortutako irabaziak kobratzeko. Sariak beti mila eurotik beherakoak izaten ziren, irabaziak kobratzera kasinoko kutxara joaten zirenean nortasun-agiririk eska ez ziezaieten.

Polizia-kudeaketei esker Gipuzkoan topatu zituzten susmagarrietako bi, eta haiek zaindu eta jarraitzearen ondorioz, talde kriminaleko hirugarren kide bat identifikatu eta kokatu zuten. Horrez gainera, egiaztatu ahal izan dute ikertzen ari ziren pertsonak iruzur-delitu hori Gironako, A Coruña eta Euskadiko kasinoetan egin zutela, eta, besteak beste, Valladolideko, Zaragozako eta Madrilgo kasinoak ere bisitatu zituztela. Egiaztatu da talde antolatu honek Espainia osoko hamar bat kasinotan jardun duela.

Ikerketan zehar informazioa eskatu zaie Europar Batasuneko herrialdeetako agintariei ere, eta jakin dutenez, taldea Frantziako joko-aretoetan ere ibili da, kidetako bat baita Belgikan ere.

Gereziak-Armeria“ izeneko polizia-operazioa Espainiako Poliziako Ausazko Jokoen eta Apustuen Kontrol Zerbitzuko agenteek garatu dute eta Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiarekin eta Joko eta Ikuskizunen Taldearekin koordinatuta egin da.

Atxilotze operazioa apirilaren 17an gauzatu zuten, Bilboko 6. Instrukzio Epaitegiak zuzenduta. Atxilotuak Irungo Ertzain-etxera eraman zituzten, gero handik agintaritza judizialaren aurrera eramateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak