Gizartea -
Europako funtsak
Zaintza sistema eraldatzeko 43 milioi euro jasoko dituzte Euskadik eta Nafarroak
Konkretuki, Euskal Autonomia Erkidegoak 32,2 milioi jasoko ditu, Estatuko funtsaren % 4,4. Bestalde, Foru Erkidegoak 10.995.407 euro izango ditu, % 1,5.
EiTB Media | Agentziak
Epe luzeko zaintza proiektuak, gizarte zerbitzuak eta eskuragarritasun unibertsala finantzatzeko Europako Funtsaren 32,2 milioi euro jasoko ditu Euskadik, “zaintza sistema eraldatzeko” helburuarekin, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez. Era berean, Nafarroak ia 11 milioi euro jasoko ditu.
“Zaintza ekonomia zein berdintasun eta inklusio soziala indartzeko politika” proiektuen finantziaziorako kredituen banaketa onartu du Lurralde Arteko Kontseiluak ostiral honetan.
Guztira, 730,8 milioi dira. Ezinbestean hiru arloetako egitasmoak finantzatzera bideratu behar dituzte erkidegoek: epe luzeko zaintza, gizarte zerbitzuak eta eskuragarritasun unibertsala. 730,8 milioi horietatik, Euskadik 32,2 milioi jasoko ditu, Estatuko funtsaren % 4,4. Bestalde, Nafarroak 10.995.407 euro izango ditu eskura, % 1,5.
Ministerioak eta erkidego bakoitzak aldebiko hitzarmena sinatuko dute. Gainera, koordinazio etengaberako mekanismo bat martxan jarriko dute erakunde guztien artean, eraldaketa sozialeko helburuak benetan betetzen direla ziurtatzeko.
Lurralde Arteko Kontseiluak akordioa itxi ondoren, aldebiko hitzarmenak sinatzen hasiko dira Ministerioa eta erkidegoak; bertan martxan jarriko diren proiektu zehatzak (eta haien kostua) jasoko dituzte, baita mugarriak eta helburuak ere. Seihileko bakoitzean bete konpromisoak diren ala ez aztertuko dute aldeek.
Hitzarmenak sinatu eta erkidegoek urteko funtsaren zenbatekoa osorik jasoko dute, nahiz eta Europar Batasunak oraindik dirurik ez entregatu. Espainiako Gobernuak estatuko aurrekontuetan sartzea erabaki du, inbertsioa berehala hasi ahal izateko.