Gizartea -

Hilketa Burkina Fason

Merezimenduaren Domina emango die Espainiako Gobernuak Beriaini eta Fraileri

Burkina Fason eraildako bi kazetarien hilotzak ostiral goizean iritsiko dira Madrilera, Atzerri Ministerioak iragarri duenez.

David Beriain eta Roberto Fraile. Argazkia: EFE
David Beriain eta Roberto Fraile.
David Beriain eta Roberto Fraile. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Merezimenduaren Domina emango die David Beriain eta Roberto Fraile kazetariei. Burkina Fason hil zituzten astelehenean, ehiza ilegalari buruzko dokumental bat filmatzen ari ziren bitartean.

Dominak emateko proposamena datorren astearteko Ministroen Bileran onartuko dutela jakinarazi du gaur Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak.  

Atzerri Ministerioak uste du bi erreportarien hilotzak ostiral honetan iritsiko direla Madrilgo aireportura. "Dena ondo bidean, ostiral goizean, 09:00etan, helduko dira", esan du Arancha Gonzalez ministroak.

Espainiak Malin duen kontsula Burkina Fasoko hiriburuan da, gorpuak aberriratzeko tramiteez arduratzeko.  

Ikerketari dagokionez, Juan Duarte kontsulen gaietarako zuzendari nagusiak ez du inolako xehetasunik eman, horretarako "goizegi" dela argudiatuz.

"Ematen du atentatu terrorista izan zela, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu. Zer gertatuko zen jakingo dela espero dugu, baina ez da erraza izango", erantsi du.

Bien bitartean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bi kazetarien hilketa ikertzeko izapideak abiatu dituela zabaldu du Europa Press agentziak.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza