Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Berango eremu gorritik irten da
Markina-Xemeinen, ostera, egoerak txarrera egin du eta eremu horitik laranjara igaro da.
EITB MEDIA
Berango (Bizkaia) izan da eremu gorritik atera den herri bakarra, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Markina-Xemeinen (Bizkaia), ostera, egoerak okerrera egin du, eta eremu horitik laranjara igaro da.
Arabak (392 kasu 100.000 biztanleko) eta Gasteizek (389) kolore laranjan jarraitzen dute, datuek hobera egin duten arren. Kolore gorrian jarraitzen dute Amurriok eta Laudiok.
Agurainek kolore horiari eutsi dio.
Bizkaia gune astinduenean dago oraindik (100.000 biztanleko 452 kasurekin). Gorriz margotuta ageri dira oraindik, honakoak: Bilbo, Derio, Erandio, Ermua, Getxo, Leioa, Lekeitio, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela eta Trapagaran.
Azken orduetan, baina, Berangok gune gorritik irtetea lortu du. Beraz, gune laranjan honako hauek daude: Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bermeo eta sartu berri den Markina-Xemein.
Horiz margotuta dauden udalerriak honakoak dira: Abadiño, Abanto, Durango, Elorrio, Etxebarri, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Ortuella, Zalla eta Zornotza.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Gipuzkoako (709 kasu 100.000 biztanleko) udalerri gehienak (32) gorrian daude: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zumaia, eta Zumarraga.
Elgoibar dago soilik eremu laranjan, eta Beasain, berriz, horian.
Ez dago kolore berdea duen udalerririk.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.