Gizartea -
Koronabirusa
AstraZenecarekin txertatutako emakume bat koman Gasteizen, odolbildua izan ostean
Osasun Sailak EITB Mediari baieztatu dionez, kasua Farmakozaintza sareari jakinarazi zaio "txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarriaren susmoa" dagoelakoan.
E. G. | EITB MEDIA
AstraZenecarekin babestutako emakume bati koma eragin diote Gasteizen (Araba) odolbildua izan ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EITB Mediari baieztatu dionez.
57 urteko emakumezkoa da, aurretiazko patologiak zituen, eta Arabako Foru Aldundiko etxebizitza laguntza zerbitzuan egiten du lan.
Gotzone Sagarduik zuzentzen duen sailaren arabera, kasua Farmakozaintza sareari jakinarazi zitzaion asteburuan "txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarri larriaren susmoa" dagoelakoan. Botiken Espainiako Agentziari dagokio kasua ikertzea eta zehaztea harremanik ote dagoen txertoaren eta odolbilduaren artean.
Txerto britainiar-suediarra jaso eta astebetera, emakumea ondoezik sentitu zen eta ziplo jausi zen lurrera. Ordutik, Gasteizko Santiago Ospitaleko Zainketa Intentsiboen uninatean dago.
Botika eta odolbilduaren arteko lotura frogatuko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) atzemandako lehen kasu larria litzateke. Nafarroan, Iruñean lan egiten zuen Espainiako Armako militar bat zendu zen apirilaren 23an buruko odolbildu bat izan ostean. 16 egun lehenago eman zioten AstraZenecaren txertoa. Kasu hori ere ari dira ikertzen.