Gizartea -
Hildako kazetariak
Atsekabe mezuak Fraileren eta Beriainen heriotzagatik
Euskal kazetarien heriotzaren aurrean, sare sozialak elkartasun mezuz bete dira, eta kazetari nafarraren eta bizkaitarraren lana goraipatu dute askok.
eitb media
David Beriain eta Roberto Fraile kazetarien hilketak elkartasun eta atsekabe mezuz bete ditu sare sozialak, eta asko izan dira informazioaren profesional horiek egindako lana goraipatu dutenak.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehenengo presidenteordeak "atsekabea" agertu du hilketengatik.
Bestalde, Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariak "besarkada estua" helarazi die David Beriainen senide eta lagunei, "kezka eta min uneotan".
Koldo Martinez Nafarroako senatariak (Geroa Bai) ere "doluminak" helarazi dizkie Beriainen senideei eta kazetari guztiei.
Navarra Suma osatzen duten alderdik ere, UPNk, Ciudadanosek eta PPk gogoan izan dute Beriain kazetaria.
Iruñeko PSNk ere mezu bat zabaldu du Twitterren "lur jota" dagoela adierazteko eta senideei babesa agertzeko. EH Bilduk, berriz, "elkartasuna" helarazi nahi izan die senide eta lagunei.
Podemoseko Ainhoa Aznarezek ere barruak hustu ditu Twitterren, "bizitza arriskuan jarriz beti egia bilatzen zuen kazetari ausart batentzat albiste okerrena" dela iritzita.
EAEko erakundeetatik, Iñigo Urkullu lehendakariak "gaitzespenik handiena" agertu du hilketaren aurrean, eta elkartasuna agertu die bi kazetarien familiei eta gertukoei.
Sare sozial berean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak ere doluminak helarazi dizkie kazetarien senide eta lagunei.
Maddalen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak "besarkada eta doluminak" bidali dizkie "bihotzez" familiarteko eta lagunei.
EAEko PPren buruak, Carlos Iturgaizek, eta Carmelo Barrio legebiltzarkideak kazetariak "lanean" hil dituztela gogorarazi dute eta gaitzetsi egin dute gertakaria.
Pilar Garridos Podemos-Ahal Duguren koordinadoreak babesa agertu die senide eta lagunei, eta alderdiak azpimarratu du estatuek "prentsa askatasuna, informaziorako eskubidea eta kazetarien ongizatea bermatu" behar dituztela.
Sindikatuen artetik, ELAk "mina" azaldu du Beriainen eta Fraileren hilketagatik.
EITBk ere gaitzetsi egin ditu hilketak, eta doluminak agertu dizkie senide eta gertukoei.
Nafarroako Emakumezko Kazetarien Elkarteak bat egin du "min handiko" mezuekin, eta "Berianek ibilbide profesional osoan egindako lan handia" txalotu du.
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak "atsekabea eta doluminak" adierazi dizkie Barakaldoko Roberto Fraile euskal telebista kameralariari eta David Beriain erreportari nafarrari, "Burkina Fasoko GKE bateko kide ziren irlandar batekin eta burkindar beste batekin batera erail baitituzte". "Lanean zirela hil dira, luma eta kamera eskuetan zituztela, Afrikako herrialde honetako isileko ehizaren mundu iluna salatzen eta jakinarazten saiatzen ari ziren bitartean", gaineratu dute.
Espainiako Kazetari Elkarteen Federazioak (FAPE) eta Mugarik Gabeko Kazetariek (RSF) ere gogor gaitzetsi dute David Beriainen eta Roberto Fraileren hilketa.
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak elkartasun eta dolumin mezua helarazi die Roberto Fraile kazetari barakaldarraren senide eta lagunei.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere atsekabetuta agertu da hilketengatik, eta gatazka eremuetan lan egiten dutenek jokatzen duten papera goraipatu du.
PPren buruak, Pablo Casadok, bere aldetik, gaitzetsi egin du hilketa, eta eraildakoen "senide eta kideei babesa eta maitasuna" agertu die.
Europar Batasunetik, Josep Borrell Atzerri Politikarako goi ordezkariak gaitzetsi egin du kazetarien hilketa: "Burkina Fason kazetariak hiltzen, terroristek berriro erakutsi dute koldarkeria eta duten benetako gaizkile aurpegia: adierazpen askatasun oro suntsitzen duen iluntasunaren defendatzaileena".