Gizartea -
NAFARROA
Pandemiak seme-alaben kontsumo digitala hobeto ezagutzea ahalbidetu du
Sareak izan ditzakeen arriskuak zeintzuk diren eta nola babestu ahal diren seme-alabei erakustea gomendatzen diete adituek gurasoei.
EITB MEDIA
Pandemiari esker, gurasoek hobeto ezagutu dute seme-alaben benetako kontsumo digitala, eta hobeto ulertu dute zergatik den haientzat hain erakargarria mundu digitala. Ondorio hori atera dute Javier Garcia Manglano eta Cristina Lopez del Burgo Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizartea Institutuko ikertzaileek eta Charo Sadaba Komunikazioko dekanoak parte hartu duten mahai-inguru batean.
Garcia Manglano soziologoak Kultura eta Gizartea Institutuaren 'Trantsizioan dauden gazteak' bere taldearen ikerketak aipatu ditu, 18 eta 23 urte bitarteko pertsonek pantailak erabiltzen ematen duten denboraren bilakaerari buruzkoak. Ikerketa horien arabera, konfinamendu garaian egunean "bederatzi ordu baino gehiago" eman zituzten konektatuta, baina ondorengo hilabeteetan "pixka bat murriztu da mezularitzan, sare sozialetan, telesailetan eta bideo-jokoetan".
Sadabak azaldu duenez, azken urtean "lehen eskuko esperientzia positiboa egon da teknologiaren inguruan"; izan ere, "maite ditugunekin eta lankideekin kontaktua izatea eta gure lan bizitzarekin jarraitzea erraztu du". Hala ere, familiek "betekadarik ez izateko, dieta osasungarri eta pertsonalizatua" egiteko gomendatu du.
Horretarako, kontuan izan beharreko faktore babesgarri batzuk azaldu ditu, teknologia erabiltzeak lo egiteko eta atseden hartzeko denborarik ez duela kentzen ziurtatzea, eta etxean mugikorrentzako aparkalekua bat izatea, guztiak batera uzteko eta pantailarik gabeko aisialdi eta entretenimendu-jarduerez gozatzeko.
"Helduok gure ereduarekin erakutsi behar diegu gazteei eta nerabeei teknologiak giza interakzioa osatzen duela, ez ordezkatzen", azpimarratu du.
Cristina Lopez del Burgoren hitzetan, pandemia garaian "kontsumo digitalak gazte eta nerabeengan dituen arriskuak gehiago ikusarazi dira".
Ikertzaileak arazoak eragin dituzten hainbat erabilera aipatu ditu: adikzio arriskua; pornografiaren kontsumoa, "despertsonalizazioa eta bikote-harremanetako indarkeria sustatzen dituena"; ziberjazarpena; ziberkontrola; vamping-a, lo-orduak kentzen dituena; eta arreta jartzeko eta kontzentratzeko zailtasunak.
"Inguru digitalean dauden mehatxuez ohartaraztea da helburua, eta horietatik babesteko tresnak ematea", azpimarratu du. Horren harian, haurrei teknologiak noiz erabili behar dituzten erakustea, eta eskaintzen dieten denboraren eta kontsumitzen duten edukiaren inguruko arauak jartzea gomendatu du.
Era berean, haurtzarotik bizi-ohitura eta harreman positibo eta osasungarriak bultzatuko dituen erabilera irakastea premiazkoa dela esan du, baita erabilera adinaren eta heldutasun-mailaren arabera arautzeko beharra ere. Horretarako, adituek prestatutako kalitatezko material didaktikoak (bideoak eta gidak) erabiltzeko aholkatu die gurasoei.