Gizartea -

Koronabirusa

Ligako azken partidak publikoarekin jokatzea aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Futboleko zein saskibaloiko ligei eragingo lieke proposamenak. Jaurlaritzak esan du aukera hori "osasun egoeraren menpe" dagoela, eta gaur-gaurkoz, "ezinezkoa" dela.

Azken urtean San Mames hutsik egon da Athleticek partidak jokatu dituenean. Argazkia: EFE
San Mames, hutsik
Jaurlaritzak dio osasun egoera honetan ezinezkoa dela ikusleak zelaietan sartzea

1:28

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernua futboleko eta saskibaloiko ligetako azken partidak publikoarekin jokatzea aztertzen ari da, Osasun Ministerioaren bidez, Cadena Ser irrati kateak jakinarazi duenez. 

Carolina Dariasek zuzentzen duen Ministerioak mahai gainean du proposamena, eta bi aukera omen daude: lehena, publikoa baimentzea azken lau jardunaldietako partidetan (maiatzaren 8tik aurrera), edo, azken bietan.

Zabaldutako informazioren arabera, edukiera oso mugatuta egongo litzateke, gehienez 5.000 pertsona.

EITB Mediak Ministerioan eta Kirol Kontseilu Gorenean galdetu du informazio horren inguruan, eta bi erakundeek ukatu dute. Dena dela, Kontseilu Goreneko iturriek aitortu dute LaLiga Santanderretik presioak jasaten ari direla harmailetan publikoa egoteko, batez ere Eurokopako partidetan publikoarekin jokatuko dela jakin ostean.

EAEko erakundeak, kontra

Aukera horretaz duen iritzia galdetu diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan. Zupiria irmo mintzatu da eta gogorarazi du kirol instalazioetan publikoa sartzeko aukera "osasun egoeraren menpe" dago, eta gaur-gaurkoz "ezinezkoa da".

"Ez dakigu zein egoeratan egongo garen maiatzaren 8an, baina seriotasunez eta erantzukizunez jokatu behar dugu, ez da beti albiste txarrak eman nahi ditugula", erantsi du.

Halaber, argitu du azken erabakia Kirol Kontseilu Gorenak hartu behar duela, baina aurrez kontsulta egin behar diela Osasun Ministerioari eta erkidegoei. Hala, zehaztu du ez dutela inongo kontsultarik jaso. Are gehiago, jakinarazi du joan den astean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak horren inguruko galdera egin ziola Dariasen Ministerioari, eta horrek erantzun ziola halakorik ez zela posible.

Ildo beretik mintzatu da Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Horren ustez, ez litzateke "logikoa ezta koherentea ere" futbolean "beste esparru batzuetan dauden murrizketak ez aplikatzea".

Gogorarazi du aire zabalean diren ekitaldietara joateko muga 600 pertsonatan dagoela, eta ez litzatekeela ulertuko "kirol ikuskizunetan" milaka zale batzea. "Futbola izateagatik ezin da salbuespenik egin, denok baldintza berak bete behar ditugu", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Kirolak Reala Osasuna Saskibaloia San Mames Anoeta-Reale Arena Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sadar Koronabirusa