Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuaren igoera moteldu da Euskadin eta 546 kasukoa da
Igoera bi puntukoa izan da, baina gainerako adierazleak zertxobait hobetu dira. Paziente kritikoen kopurua (189) eta birusaren birsorkuntza (1,02) apur bat murriztu dira.
EITB MEDIA
Covid-19ak Euskadin eragindako intzidentzia metatua igo egin da berriro, baina modu apalagoan azken orduetan. 100.000 biztanleko 546,89 kasu izan dira 14 egunetan, igandeko tasa baino 2,18 puntu gehiago.
Tasen arrazoiaren egonkortzeak eta erreprodukzio-indizea 1eko baliora hurbiltzeak "intzidentziaren igoera moteldu dela" adierazten dute, baina, Osasun sailburuak azpimarratu duenez, ezin da esan joera aldaketa baten aurrean gaudenik.Atzo 12.562 test diagnostiko egin zituzten, eta horietatik 774 positiboak izan ziren, hau da, aurreko egunean baino 12 gehiago, baina egindako probekin alderatuta, positiboen tasa bi puntu baino gehiago murriztu da, % 6,2raino, proba gehiago egin baitzituzten. Duela hilabete adierazle hori ez zegoela % 7tik behera, % 6,3an hain zuzen ere, apirilaren 19an.
Asistentzia-presioa zertxobait jaitsi da, baina oraindik oso altua da. Atzo 91 pertsona ospitaleratu zituzten gela arruntetan, igandean baino 29 gehiago; zainketa intentsiboetako unitateetan, berriz, 189 pertsona daude koronabirusarekin, hau da, aurreko balantzean baino hiru gaixo gutxiago.Gaur egun, 543 pertsona daude ospitaleratuta gela arruntetan, duela 14 egun baino 113 gehiago. Azken astean, 93 ospitaleratze izan dira batez beste. Apirilaren 20an, esaterako, 117 izan ziren.Gotzone Sagarduik Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, kasu positiboen gorakadak Osakidetzako asistentzia-sarearen jardueran eragina izan du; izan ere, 100 kutsaduretatik hamaika ospitaleratuta daude, eta horietatik, "bat baino gehiagok zainketa intentsiboetako unitatean amaitzen du". "Hortik gora, hiltzeko probabilitatea % 15ekoa da", ohartarazi du."Badakigu datozen egunetan ospitaleratzeak jarraituko dutela eta arduraz eta aurreikuspenez jokatu behar dugu", azpimarratu du.14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du Euskadin, erritmo motelean bada ere: 24 ordutan 100.000 biztanleko 544,7 kasutik 546,8ra igaro da.Araban, eguneko 82 positibo berri izan dira, eta adierazle hori 417,6ra jaitsi da, aurreko egunean baino 7 gutxiago. Bizkaian, 340 positibo berri izan dira astelehen honetan, eta intzidentzia metatua 458,8ra igo da (3 kasu gehiago); Gipuzkoan, berriz, 341 kutsatu dira, eta dagoeneko 730 dira 14 egunetan (ia 4 gehiago). Gainera, Euskadin bizi ez diren 11 pertsona positibo detektatu dira.Hiriburuetan, Gasteizek joera ona du, eta intzidentzia metatua 426,8 kasura jaitsi da. Bilbok 582,1era igo du, eta Donostiak, bilakaerarik txarrena izan duenak, 606,3ra.Covida duen gaixo batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen erakusten duen oinarrizko birsorkuntza tasa azken asteko parametroetan mantentzen da (1,02). Arabak 1etik behera jarraitzen du (0,95); Gipuzkoak behera egin du (1), eta Bizkaiak, aldiz, 1,07rekin jarraitzen du.Hezkuntza arloan, Azkoitiko (Gipuzkoa) Bizilore Eskola Aktiboa zentroak itxita jarraitzen du covid-19aren kasuen ondorioz.Arabako ikastetxe gehienak aste honetan San Prudentzio eguna dela-eta jarduerarik gabe daudenez, egunotan Hezkuntza Sailak Bizkaiari eta Gipuzkoari buruzko informazioa baino ez du ematen.Astearte honetan 132 gela itxi dituzte, astelehenean baino 1 gehiago, bi lurralde horietako 91 ikastetxetan.
Bestalde, Nafarroan positiboak egonkor mantendu dira, 130 kutsatze atzeman baitituzte, eta positibotasun tasa % 5,5ekoa da.