Gizartea -

koronabirusa

Barakaldoko Udaltzaingoak 20 gazte harrapatu ditu parrandan, lokal batean

Guztira, 86 akta ireki dizkiete: gehienak osasun neurriak ez errespetatzeagatik, eta gutxi batzuk agintariei desobeditzeagatik.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Udaltzaingoak 20 gazte harrapatu ditu gaur goizaldean, Gurutzetako lokal batean parrandan ari zirela. Guztira 86 akta ireki dizkiete arau-hausteak egotzita: horietako 71 osasun neurriak ez betetzeagatik, eta beste 15, agintaritzari desobeditzeagatik.

Angel Madrazo Herri Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotziak jakinarazi duenez, 04:00ak aldera joan da Udaltzaingoa La Paz aldera. Lokalean zarata entzunda, agenteek atea jo dute, baina gazteek ez diete zabaldu nahi izan.

Azkenik, udaltzainak lokalera sartu dira, ikuskatzera, eta bertan zeuden 15 pertsonak identifikatzeari uko egin diote eta batek jarrera oldarkorra agertu du; hori dela eta, atxilotu egin dute, desobedientzia delitua egotzita.

Udaltzaingoak osasun neurriak hausteagatik egindako 71 aktetan isun-proposamena egiteko arrazoi ugari jaso ditu: ordutegi-mugaketa ez errespetatzea, lau pertsonatik gorako taldeetan biltzea, derrigorrezko musukoa ez erabiltzea, lokal batean biltzea eta, kasuetako batean, perimetralki itxita dagoen udalerri batetik ateratzea.

Madrazok azpimarratu duenez, "ez ditugu gazteak kriminalizatu behar gaurkoa bezalako gertaerengatik, horietako gehienen jokabidea eredugarria izaten ari baita". Era berean, osasun neurriak betetzera deitu ditu herritarrak.

Asteburuan, Barakaldoko Udaltzaingoak covid-19aren aurkako neurrien kontrolarekin zerikusia duten beste hainbat kasutan esku hartu behar izan du. Guztira, 118 salaketa-akta bideratu dituzte: lokal horretan erregistratutakoak eta beste 47.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Salaketak bideoak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Koronabirusaren olatua gaur