Gizartea -
epaiaren berrikuspena
Auzitegi Gorenak bi urte eta erdira murriztu du Juana Rivasi ezarritako zigorra
Zigor Arloko Salaren arabera, akusatuak delitu bakarra egin zuen, eta ez bi, bere garaian Granadako Auzitegiak ebatzi bezala.
eitb media
Auzitegi Gorenak bost urtetik bi urte eta sei hilabetera murriztu du Juana Rivasi adingabeak bahitzeagatik ezarritako kartzela-zigorra.
Zigor Arloko Salak partzialki onartu du amaren helegitea, eta aurretik ezarritako zigorra erdira jaitsi du. Bahitutako adingabeak bi izan baziren ere, delitu bakarra egin zuela ebatzi dute orain, eta ez bi, hasieran Granadako Auzitegiak esan bezala.
Auzia 2017ko udan gertatu zen. Orduan, ama horrek bi seme-alabekin alde egin zuen, adinganbeak aitari ez entregatzeko. Haurrak harengandik babesteko egin zuela argudiatu zuen. Izan ere, Francesco Arcuri italiarra kondenatu egin zuten 2009an, Rivasi erasotzeagatik. Gainera, 2016an, emakumeak berriz salatu zuen gizona, tratu txarrak ematea leporatuta.
Gizonak umeen desagerpena salatu eta gero, Juana Rivasek haurrak entregatu zituen, Granadan.
Granadako Auzitegiak eta bertako 1 zenbakiko Epaitegiak orduan ebatzi zutenez, akusatuak bi delitu egin zituen, bi adingabe bahitzeagatik.
Orain, baina, Gorenak azaldu du delituak ez direla pilatu behar, eta, horrenbestez, delitu bakarra egin zuela.
Haurrak Italian daude orain, akusatuaren bikotekide ohiarekin.